Irailaren 30an abiatuko da Antzerki Aroa zikloa

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 23a, 13:40

Ion Martinezen Birrintan botxatua antzezlana izanen da taularatuko duten lehena. Irailaren 30ean, 20:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. 

Astebete barru abiatuko da Nafarroako Antzerki Eskolaan euskarazko antzezlanak biltzen dituen Antzerki Aroa zikloa. Birrintan bortxatua antzezlana izanen da taularatuko duten lehena, Nagore Laffageren hilketan oinarritutako obra. Ondoren Fadoak entzuten zituen gizona eta Igel euria oholtzaratuko dituzte. Antzezlan guztiak, 20:00etan izanen dira eta zortzi euroan izanen dira ikusgai. Sarrerak salgai daude. 

IRAILAK 30. 20:00.
BIRRITAN BORTXATUA. Aldatzen laguntzen.

“Nagore naiz, 44 urte ditut, eta oraindik ere ezin dut sinetsi niri horrelakorik gertatu izana. Duela hiru urte, herriko jaietan, bortxatu egin ninduten. Ezaguna nuen mutil batek bortxatu ninduen. Bere izena esatea ere kosta egiten zait. Bai… barkatu… Mikel da bere izena”. Nagorek beldurrak gaindituz, salaketa jartzea erabakitzen du. Orduan hasten da Nagoreren bigarren amets gaiztoa. Epaiketan zehar bizi eta sufritutakoak kontatuko dizkigu antzezlan honek, baita gizartearen partetik jasotako epaiak ere. Bortxaketa bat pairatu duen emakume bat da (Nagore) antzerki testu honen protagonista. Honek erasoari eta horren ondorio zailei, nola aurre egiten dion jasotzen da bertan eta epaiketaren bizipena nola bizi duen erakusten dugu antzezlanean. Bere hausnarketak, galderak, zalantzak eta beldurrak azalduko dira, bortxatua izan den unetik, salaketa jarri, albiste bihurtu, deklarazioak prestatu, epaiketa nola bizi eta epaia jaso bitartekoak.
Egileak: Ion Martínez, Saio Royo Zuzendaritza: Aldatzen laguntzen Antzezleak: Ion Martínez, Saio Royo Argi eta soinu-diseinua: Factory Logistika Jantziak eta eszenografia: Aldatzen laguntzen Argazkiak eta diseinua: Makoki Faktoria

URRIAK 14. 20:00.
FADOAK ENTZUTEN ZITUEN GIZONA. Xake produkzioak.

FADOAK ENTZUTEN ZITUEN GIZONA bidaia bat da. Zineman “road movie-ak dauden bezala, hau “road play” bat izango litzateke. Mario kamioilaria da eta lan kontu batengatik Lisboara bidean doa. Bidean, Ander izeneko mutil bat jasoko du. Ander musikaria da eta Huelvako Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateur batera doa bertan parte hartzeko asmoz. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mariok lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Modu honetara, umetatik binkulo emozional txiki bat izan duten bi pertsona hauek egun pare bat iraungo duen bidaia bat hasiko dute. Izan ere, Castillako lurretan elurte handi bat egongo da eta errepidean harrapatuta geratuko dira. Zirkunstantzia horrek sortzen duen intimitateari eta elkarrekin pasatzen duten denborari esker, harreman oso berezia sortuko da bi lagun hauen artean eta kontu askoren inguruan gogoeta egiteko bidea emango du: zer da sentibera izatea? gizonak izan gaitezke sentiberak? nola harremantzen gara mutilak? ze rol jokatzen ditugu gizarte honetan? Maskulinitatearen inguruan gogoeta egiteko lan bat da honako hau.
Egilea: Kepa Errasti Zuzendaria: Getari Etxegarai Zuzendari laguntzailea: Xabier Ormazabal Antzezleak: Iñigo Aranbarri, Ane Gabarin, Kepa Errasti Argiztapena: David Alcorta Eszenografia: Eider Ibarrondo, Isabel Acosta Musika: Pascal Gaigne Produkzioa eta banaketa: Xake produkzioak

URRIAK 28. 20:00.
IGEL EURIA. Ados Teatroa.

Gaixotasun mental bat diagnostikatuta duen pertsona bat bere buruaz beste egiteko gertu dago. Flashbacken bidez, bidaia eginen dugu protagonistaren bizitzara, haren eskutik, bere gaitzaren prozesua islatuz: ukapena, onarpena, beldurra, buruargitasuna, umorea, errebeldia. Harekin batera barre eta negar egingo dugu, zuzeneko eta grabatutako eszenen arteko joko batean, PERFORMANCEaren hurbileko lengoaia teatral bat erabiliz. Bidaia emozional eta surrealista bat, berriro ere hasierako eszenara eramango gaituena: protagonistaren suizidioaren aurreko unera. Bere buruaz beste egingo du ala ez? Galdera hau ebatzi gabe geratuko da. Ez gara inor hau epaitzeko. Bere erabakia da. Gurea, entzutea. Fikzioa egiazko testigantzaz zipriztindua dago, batzuk zuzenean ikusiko ditugu eta besteak grabazioen bidez. Tramarekin bat egingo dute, etenik sortu gabe, narrazio bakarra sortuz: aniztasun mentala duten pertsona hauen izaera aldarrikatuz: pertsonak dira gaixoak izan aurretik.
Testua: Garbi Losada, José Antonio Vitoria, Mikel Bernués Itzulpena: Bego Losada Zuzendaria: Garbi Losada Antzezleak: Lierni Fresnedo, Isidoro Fernández, Tomás Vitoria, Sandro Iaboni Argi-diseinua: Xabier Lozado Ikus-entzunezkoak: David Bernués, Dani Bernués Espazio eszenikoa: Garbi Losada, José Antonio Vitoria Musika eta soinu espazioa: Javier Asin Jantziak: Tytti Thusberg Ekoizpena: Ados Teatroa, Producciones Acrónica

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!