Moriako errefuxiatuak laguntzeko janari bilketa eginen du Zaporeak taldeak

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 23a, 13:35

Irailak 25ean eta 26an Geltokin eta Landare kooperatiban eginen du taldeak janari bilketa, goizeko 10:00etatik 20:00etara.

Zaporeakek Euskal Herri guztian zehar janari bilketa deialdia antolatu du irailaren 25 eta 26rako. Irailaren 8an Moriako errefuxiatuen esparruan gertaturiko sutearen ondorio latzak ikusita, Zaporeakek "larrialdiko" janari bilketa antolatu du Euskal Herriko herrialde guztietan. Horiek horrela, irailaren 25 eta 26an zehar, gertu dagoenak herrialde bakoitzeko bilketa puntuetara gerturatu ahal izango da Zaporeakek kozinatzeko erabiltzen dituen ohiko produktuak bertaratzera. Elikagaiak eramateko ordutegi zabala izango da, goizeko lehenengo ordutik arratsaldeko azkeneko ordura arte.

Bilketarako elikagaiak ondorengoak dira: arroz luzea, makarroiak, lekariak (dilistak, txitxirioak, babarrunak), atuna eta sardinak latan, oliba olioa, espeziak (piperbeltza, piperbeltz zuria, kuminoa, curry-a), esne hautsa eta barrita energetikoak.

Irailaren 9an Moria I kiskali zen eta bost egunetan Moria II eraiki dute

Irailaren 8etik irailaren 9ko goizaldera bitarte, Moriako errefuxiatuen esparrua erre zen goitik behera, bertan. Une hartan, 13.000 pertsona errefuxiatu zeuden bertan bizitzen eta bat-batean errepide bazterretan bizitzera igaro ziren kale egoeran geratuz. Lehenengo bizpahiru egunetan ez zuten inolako asistentziarik jaso Greziako gobernuaren aldetik, eta bertan zeuden GKE-en asistentzia humanitarioa soilik izan zuten.

Aipatu egoeran, Zaporeakek inoiz baino otordu gehiago kozinatu zituen, 4.500 anoetara iritsi arte. Suak hartutako esparrua, berriz, 5 egunetan berreraiki dute Mitilini hiriburutik oso gertu, kostaldean. Kanpamendu berri horretan, 5.000 pertsonentzat egokituta zegoena, 9.500 lagun sartu dituzte, beraien gogoz kontra eta helburua lehengoko egoerara itzultzea da; hau da, pertsona errefuxiatuak Greziako irletan konfinatuta edukitzea Europako Batasuneko herrialdeek gaian esku hartzen ez duten bitartean.

Zaporeak lanean jarraitzen du, bertatik bertara

Larrialdi egoera honetan Zaporeakeko sukaldea eta lan taldeak lanean dihardu unean uneko beharrizanak identifikatu eta horiek erantzun bat eman ahal izateko. Moria I esparruko suteak pertsona errefuxiatuen asilo eskaeran prozesuko dokumentazio guztia erre zuen eta orain, kanpaleku barruan dauden 9.500 pertsona errefuxiatuak erregistratu behar dituzte etab. beharrezkoa duten asistentzia emateko. Horrenbestez, kanpalekua bera antolatzen ari den bitartean, guk lanean jarraitzen dugu antolatu eta hitzarmenak lortzeko gure egitekoa egiten jarraitzeko kanpaleku barruan, hau da, pertsona errefuxiatuen artean zaurgarrienei janari duina eskaini ahal izateko; gaixo kronikoei, haurdun dauden emakumeei eta abusuak jasan dituztenei eta adin txikikoei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!