Harroturen jarduerak hiru ardatzen inguruan garatuko dira: ahalduntze pertsonala, jarduera soziokulturalak eta LGTBI arloko sentsibilizazioa eta oinarrizko prestakuntza. Proposamenak hainbat formatutakoak dira: hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, topaketak...
Horiek hiriko hainbat gunetara hurbiltzea dute xede, herritarren parte-hartzea sustatzeko, sexu eta genero aniztasunaren errealitateak zabaltzeko eta Iruñeko LGTBI biztanleentzat adierazpen, ikaskuntza eta aisialdi osasungarrirako espazio seguru eta normalizatuak sortzeko. Aurrez aurreko programazioan, kontuan hartu dute osasun-krisia, eta espazioak indarrean dauden prebentzio, babes eta segurtasun arauetara egokitu dira.
Berritasunen artean, San Gregorio kaleko 28. zenbakian dagoen zentroan egiten den programazioaz gain, Iruñeko beste auzo batzuetan jarduerak eskainiko dituzte. Gainera, aurrez aurreko jarduerak beste online jarduera batzuekin eta gaztelaniazko eta euskarazko eskaintzekin uztartuko dira.
Besteak beste, LGTBI migratzaileen errealitateak ezagutzen hitzaldia eta komunikabideekin lan-saio bat antolatu dituzte. LGTBI oinarrizko sentsibilizazio eta prestakuntza programa gai horri buruzko ikastaroekin eta kontsumoei eta sexualitateari buruzko hitzaldi batekin osatzen da.
Programazio osoa udalaren webgunean kontsulta daiteke eta izen-emateak Harrotun (San Gregorio 28) egingo dira, udal baliabidean bertan 948 226 326 eta 699 384 965 telefonoetara deituz edo lgtbi@pamplona.es helbidera idatziz.