Europaren migrazio politikak salatu dituzte Iruñean

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 14a, 07:52
'Europa erruduna. Stop genozidioa' leloarekin antolatu zuten larunbateko protestaldia. (Ekinklik Argazkiak)

Larunbatean egindako elkarretaratzean, hainbat gizarte kolektibok eskatu zuten errefuxiatuak Europar Batasuneko herrialdeetan "berehala" kokatzeko.

Ehun pertsona inguru bildu ziren larunbatean Iruñeko Gaztelu Plazan, hainbat gizarte taldek deituta, Europako migrazio politikak salatzeko eta Moriako errefuxiatuak Europar Batasuneko herrialdeetan birkokatzeko eskatzeko.

Irailaren 8tik 9rako gauean, Lesbos uharteko (Grezia) Moriako errefuxiatu gunean sute handia izan zuen, eta eremua ia erabat kiskalita geratu zen. 3.000 errefuxiatuentzako tokia duen eremu hrrnetan 13.000 pertsona inguru bizi ziren.

Iruñea Harrera Hiria, Africa Unida, Paperak eta Eskubideak Denontzat, Zaporeak, Mugak Zabaldu Karabana, HelpNa, Munduko Medikuak nafarroa, Oxfam Intermon eta SOS Arrazakeria Nafarroa elkarteek deitu zuten elkarretaratzera.

Deitzaileek salatu zutenez, Greziako gobernuak larrialdi egoera ezarri du eta pertsona guztiei uhartetik irtetea debekatu die; beraz, "veste behin ere, migratzaileak mehatxutzat hartzen dituzte, nahiz eta benetan klase politikoa eta bere migrazio politikak izan Morian gertatu denaren erantzuleak".

"Zoritxarrez, Europan eskubide gabeko leku asko daude, Moriako eremua kasu. Muga gehienetan, esaterako, egunero zigorgabe urratzen dira gerratik, salerosketatik, indarkeriatik, goseatik, miseriatik eta lehortetik ihes egitea “delitu” bakarra duten pertsonen giza eskubideak”.

Zentzu horretan, Europako herrialdeek, “askotan migrazioak eragiten dituzten egoera horien eragileak direnak”, pertsona horien eskubideak errespetatu behar dituztela azpimarratu zuten: “Euren migrazio prozesuak bermeekin erraztu, 2017an bete gabeko konpromisoak gogoratu eta Moriako biktima guztiak baldintza duinetan birkokatu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!