COVID-19 kasu baten ondoren Amaiur Ikastola “babesgabe” dagoela salatu dute gurasoek

Euskalerria Irratia 2020ko ira. 14a, 08:39
Amaiur Ikastola.

Haur Hezkuntzako ikasle batek positibo eman zuen pasa den astean Amaiur Ikastolan. Osasun Departamentuak “berandu” erantzun zuela, haurraren ikaskideei ez dietela PCR proba egin, eta irakasleak lanean jarraitzen duela kritikatu du Guraso Elkarteak.

Ikasturtea hasi eta lau egun besterik igaro ez zirenean, lehen COVID-19 kasu positiboa iritsi zen Iruñeko Amaiur Ikastolara. Iragan ostegunean, irailak 8, Haur Hezkuntzako hirugarren mailako haur batek positibo eman zuen PCR proban, baina, Guraso Elkarteak salatu duenez, goizean goiz haurrak positibo eman zuela jakin ondoren eta hainbat telefono deiren ondotik, Osasun Departamentuak 13:00an eman zien baimena familiei haurrak jasotzeko. Haur horiek isolaturik daude, baina berrogeialdia amaitu arte ez diete proba egingo, eta talde horretako irakasleak lanean jarraitzen du. “Zertara jolasten ari gara? Dominoko lehen pieza erori eta beste guztiak bota ez ditzan, inork ez du erantzunik ematen”, salatu dute.

 “Hamar egunetan ez da jakingo ea gela horretako beste ikasleren bat ere positiboa den Egun horietan guztietan ez zaio eritasunari pista jarraituko eta gelakideen anai-arrebei gaitza kutsatzen ahal zaie”. Protokoloaren arabera, azken horiek ikasgelara joaten jarraituko dute, ikastolako beste taldeetan gaixotasuna zabaltzeko arriskuarekin. “Orain babesgabetasuna da nagusi”, kritikatu dute.

Haien irudiko, eskola jardunaldi osoan taldeka banatzeak, patioan elkarrekin jolastu ezin izateak edota maskara denbora guztian jantzita eramateak, “ez du inolako zentzurik” momentu “erabakigarria” iristean eskola ingurunerako protokolo berriko irizpide aldaketak ez badu aurrez aurreko hezkuntza segurua bermatzen. “Nork babesten du Hezkuntza Komunitatea?”.

Haien salaketarekin, gogoeta eta hausnarketa bultzatzeaz gain, “etorkizun hurbilean eskoletan COVID-19 positiboa izango diren pertsonei PCRak ez egiteko erabakia berrikus dezatela” eskatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!