Europako programa horren bitartez 73.000 milioi euro iritsiko dira espainiar estatura eta erkidego guztien artean banatuko dira. Gaur programa honek Nafarroan izan dezakeen eragina aztertzen duen txostena aurkeztu dute eta bertan azaltzen denez laguntza hauek jaso ahal izateko Nafarroa abiapuntu egokian dago. Izan ere Nafarroak martxan baititu transizio ekologikoa eta digitala helburu duten proiektu sendoak eta horietako asko, jada, Nafarroa Suspertu programan bilduta daude.
Transizio ekologikoa eta digitala ahalbidetzea da funts hauen helburu nagusia eta Europatik jartzen duten ezinbesteko baldintza. Ez dira soilik, beraz, ataka larritik ateratzeko ohiko dirulaguntzak, baizik eta ekonomia eta gizartea eraldatzeko tresnak.
Txostenaren egileen arabera Nafarroa egoera onean dago, aspalditik hasia baitu bere transizio ekologikoa. Duela hogei urte, esate baterako, energia berriztagarrien alorrean aitzindaria izan zela gogoratu dute eta gaur egun ere proiektu berritzaile asko ditu abian. Argi ez dagoena, aldiz, zenbat diru jasoko duen proiektu hauek garatzeko. Adituek azaldu dute segun eta zer irizpide erabiltzen diren banaketa egiteko diru gehiago edo gutxiago jaso dezakela Nafarroak. Adibidez, langabezia maila hartuko balute irizpide 450 milioi jaso genezake, hemen beste erkidegoetan baino hobeki gabiltzalako, aldiz per capita errenta irizpide gisa hartuta 850 miliotara iritsi gintezke, edota biztanle kopurua izanen balitz jomuga, orduan 1000 milioi inguru jaso genezake. Oraindik ez da hasi Estatuan Europara aurkeztuko den plangintza prestatzeko negoziazioa eta erkidego guztiek presente egon nahi dutela adierazi dute. Aste honetan bertan presidenteen bilera berezia eginen da horretaz hitz egiteko eta bertan egonen da Maria Chivite.
Txostenaren egileek diotenez Nafarroarentzat onena litzateke aurkeztutako proiektuen sendotasuna eta ezaugarriak kontuan hartzea banaketa egiterakoan.
Eraikuntza jasangarria, energia berriztagarriak, ibilgailu elektrikoen ekoizpena, ikerketa bio-medikoa, nekazaritzako elikagaien industria eta ekoturismoa alorretan eginiko lana lirateke Nafarroaren indargunekak.
Orain hasiko da negoziazioa eta irizpideak zehaztu beharko dira, Estatuan erabakiko baita dirua nola banatu Mikel Irujo Kanpo Ekintzarako Zuzendariak azpimarratu duen bezala.
Edozein modutan ere Nafarroa abiapuntu onean dagoela nabarmendu dute bai itzuli behar ez diren funts horiek jaso ahal izateko eta baita bono berdeen merkatuan lehiatzeko ere, hau da, proeiktu jasangarri eta ekologikoak bilatzen dituzten inbertsoreen ekarpenak erakartzeko.
Orain proeiktu zehatzak aukeratzea eta horiekin Madrilera joatea izanen da hurrengo pausoa, azkar eman beharrekoa, gainera, urritik aurrera eta apirilera arte hain zuzen ere, eskatu ahal izanen direlako dirulaguntza hauek.