Abuztuaren 26tik 30era Iruñean eta Tuteran egingo duten Flamenco On Fire jaialdiak doako jardueretarako sarrerak eskatzeko prozesua ireki du. Horrela, Kale, balkoi eta patioetako, eta F de On Fire zikloetako zein Eterno Sabicas jardunaldietako sarrerak doan eskatu ahal izango dira jaialdiaren webgune ofizialaren bidez, indarrean dagoen legeria betez ezarritako edukiera agortu arte. #Onfireresponsable lelopean, jaialdiak hainbat gidalerro eta gomendio prestatu ditu bertaratutako publikoari, taldeari eta artistei zuzenduta.
Doako kontzertuen barruan, Kale, balkoi eta patioen programazioa Flamenco On Fire jaialdiaren indarguneetako bat izango da aurten ere. Udaletxeko balkoian izango dira abuztuaren 27tik 30era Remedios Amaya, La Macanita, Pepe Habichuela eta Kiki Morente, eta Victor Monge Serranito.
Pedro Planillo, Jesus Carbonell, Jolis Muñoz, Kiki Morente, Maria Vizarraga eta Antonio Santiago Ñoño; eta Carmen La Talegona arituko dira San Jose plazan, hilaren 28tik 30era.
Abuztuaren 27tik 30era, Antonia Jimenez, Rafael de Utrera eta El Perla, Victor Monge Serranito eta Antonio Serranoren kontzertuak izango dira.
Horrez gain, abuztuaren 26an, Miguel Soto Londrok kantaldia eskainiko du Tuteran, Jesus Guerreroren gitarrarekin batera.
Tailerra eta jardunaldiak
Asteburuan, abuztuaren 29an eta 30ean, Ezpeleta Jauregian, Francisco José Suárez Torombok familientzako flamenko tailerra aurkeztuko du.
Bestalde, Eterno Sabicas jardunaldiek gitarra jotzaile nafarraren irudian sakonduko dute Baluarte Auditorioan egingo diren hitzaldien bidez; eta bi dokumentalen proiekzioak izango dira, hain zuzen ere, Civivox Condestable aretoan. Programazio osoa www.flamencoonfire.org webgunean aurki daiteke.