Atzo hasi zen 2020-2021eko ikasturtea Iruñeko Udalaren hamaika haur eskoletan. Ikasturtea koronabirusak markatuta abiatu da, eta hori dela eta, berariazko kontingentzia planak ezarri behar izan dira eskola bakoitzean. Atzoko datuen arabera, 0 eta 3 urte bitarteko 845 haur daude matrikulatuta ikasturte berrirako.
Lehenengo egunetan aurreko urtean ere matrikulatuta zeuden eta eskola ezagutzen duten haurrak hasiko dira. Irailaren 1ean ekainean eta uztailean egindako onartze prozesuan izena emandako haur berriak hasiko dira. Guztira, udalaren haur eskolek 964 postu eskaintzen dituzte (848 egonaldi osoan eta 116 egonaldi erdian), eta horietatik 547 leku libre eskaini ziren izen emate aldian. Izena emanda dauden 845 haur horiei gehituko zaizkie, pixkanaka, dauden itxaron zerrendetatik sartuko diren umeak.
Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoak Prebentzio eta Antolaketako Kontingentzia plan eredu bat prestatu du. Dokumentua egokituz joanen dira COVID-19aren krisiaren bilakaeraren arabera.
Neurri koordinatuak
Planak helburu du hezkuntza komunitatearen segurtasuna bermatzea, arriskuak ahal den neurrian murriztuz. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Osasun departamentuek ezarritakoaz gain, Udalak eta Erakunde Autonomoak beste neurri osagarri batzuk ezarri dituzte, segurtasuna indartzeko.
Neurri horien artean daude eskoletako eremuak eta espazioak seinalatzea, haurrei eta langileei tenperatura neurtzea Iruñeko Udaleko Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuaren protokoloarekin bat, garbiketa plan bereziak, aldizkako proba serologikoak eta, hala badagokio, PCRa egitea Haur Eskoletako langileei (proba horiek egin izan dira ekainaren amaieran zentroak berriz ireki zirenetik), eta ikasturtea modu mailakatuan hastea.
Euskarazko hezkuntzaren aldeko borroka
Ikasturtearen aurreko hilabeteetan Iruñeko gurasoek salat udute udal haur eskoletan euskarazko eskaintza nahikorik ez dagoela, udalak ezarritako murrizketaren ondoren. Hain zuzen ere, horren aurrean, HE Gurasoak plataformak herri haur eskola bat ezartzea helburu zuen kanpaina bat ere abiarazi zuen, gabezia horiek betetzen saiatzeko.
Hala ere, herri izaera bermatzeko haur nahikorik eta finantziazio nahikorik ez zegoenez, proiektua alde batera utzi behar izan zuten. Hori bai, "borroka” ez dela amaitzen ohartarazi zuten, eta “euskarazko hezkuntza publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko" lan ildo eta proposamen berriak lantzen ari direla aurreratu.