Abian da Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 7a, 08:29

Nafarroako Gobernuak aurkeztu ditu 50 elkartek, norbanakok eta entitate desberdinek eginiko lehenbiziko ekarpenak eta berehala hasiko dira ardatz nagusiak zehazten. Horretarako hainbat lan mahai eratuko dira datozen hilabeteotan. Helburua da heldu den urteko irailean onartzea.

Bestalde, Zuzendaritza Nagusiak 34 elkarrizketa egin dizkie hainbat arloko pertsona erreferenteei; Horrela, giza eskubideen alde eta aniztasunaren alde lan egiten duten erakunde sozialetakoei: SOS Arrazakeria, ANFAS, Amnistia Internazionala, Pobreziaren aurkako borrokarako Sarea eta ZASKA Nafarroako zurrumurruen aurkako Sarea, besteak beste. Halaber, elkarrizketak egin dizkie LGTBI taldeei, institutu, ikastetxe eta unibertsitateetako irakasleei, pentsalariei, administrazio publikoko sektore ezberdinetako langileei, terrorismoaren eta poliziaren abusuen biktimei, kazetariei, alkateei eta elkarte ezberdinetan bakearen eta bizikidetzaren alde lan egin duten pertsonei, besteak beste.

Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak zehaztu duenez Nafarroaren erronka nagusia da gure erkidegoan dagoen aniztasuna ez ikustea traba bezala, indargune bezala baizik.

Ana Ollok azpimarratu duenez, orain inoiz baino beharrezkoagoa da elkarbizitzan sakontzea.

Hori dela eta Nafarroa Suspertu plan orokorraren baitan behar beharrezkoa ikusi dute halako elkarbizitza sustatzeko ekimen zabala bultzatzea.

Dokumentuak aurkezterakoan, Herritarrekiko Harremanetako Ana Ollo kontseilariak gogoratu du Planaren hasiera “jasaten jarraitzen dugun pandemiaren hasierarekin egokitu zela, eta bizikidetza-esparru bat sakontzeko dagoen beharraz gehiago jabearazi gaituela”. Krisi honetan zehar, “gizarte solidarioaren balio onenak bistan geratu dira, erantzukizuna eta borondatezko lana sustatu baititu zaurgarrienak babestearren. Hala ere, arrazakeriaren eta aporofobiaren (pobrezia eta intolerantzia egoeran dauden pertsonak mespretxatzea) izpiak ere atera dira”, adierazi du.

Hori dela-eta, Ollok ondorengoa esan du: “beharrezkoa iruditu zaigu Nafarroa Suspertu Planean Nafarroako Bizikidetzaren lehen Plan Estrategikoa egitea, krisiaren ondorengo errealitate berrira egokitua, toki-erakundeei babesa emanaz tokiko bizikidetza kudeatzeko”. Gainera, “Plana herritarren elkarteekin elkarlanean egingo da, elkarrizketa-foroa sortuta eta bake-ekimen positiboak bultzatuta”, gehitu du.

Prentsaurrekoan parte hartu dute, halaber, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari nagusiak, Martin Zabalzak, eta Bizikidetza eta Giza Eskubideetako Zerbitzuaren zuzendariak, José María Gonzálezek. “Nafarroako Gobernuak desberdinen arteko bizikidetzaren aldeko apustua egiten du, eta, ondorioz, Plan hau tresna baliagarria izango da Exekutiboarentzat nahiz gizartearentzat, agente politiko eta sozialekin baztertzerik gabeko elkarrizketa eginaz”, nabarmendu dute.

Era berean, José María Gonzálezek eskertu egin du Plana egiteko prozesuaren aurretiko fasean parte hartu duten pertsonen ahalegina. “Eskerra bikoitza da, batetik, sakontasunarengatik, ekarpen gehienak prestatu baitira, eta, bestetik, pandemiaren une kritikoetan egiteko dagoen zailtasunarengatik. Pertsona horiek bizikidetzaren oinarrizko printzipioetan oinarritutako jokabidea erakutsi digute”.

Neurrien definizioa

Irailetik aurrera, diagnostikoa egiteko eta Bizikidetza Planeko neurriak definitzeko fase biziagoa abian jarriko da. Egun horietatik aurrera, hainbat elkarrizketa-mahai egingo dira Parlamentuko ordezkariekin, toki-erakundeekin, Nafarroako Gobernuko Departamentuekin eta bizikidetzaren inguruan lan egiten duten sektore ezberdinekin. Horien bitartez, ahalik eta identitate-, ideologia-, demografia- eta kultura-espektro handiena duten sektoreek parte hartzea lortu nahi da, dagoeneko finkatuta dauden espazio sozial eta instituzionalak ere aprobetxatuz. Mahaien lana 2021eko martxora arte luzatzea aurreikusten da. Gobernuak 2021eko irailean onartuko du Plana.

Mahaien lana sei ardatz nagusiren inguruan eratuko da:

Bizikidetza aniztasunean eta askatasunen eta eskubideen berdintasunean.

Gorrotoa, diskriminazioa eta indarkeria desagerraraztea gure erakundeetatik eta gure gizartetik.

Hezkuntza eta sentsibilizazioa: bizikidetzarako trebatzea.

Erantzukizun zibikoa eta herritarren elkartasuna.

Memoria, biktimak eta giza eskubideak.

Erakundeak bizikidetzarako balio demokratikoen erreferentzia gisa.

Nahi duen edonork hurrengo urratsei buruzko informazioa, elkarrizketa-mahaien deialdiak, e.a. jasotzeko fitxa bete dezake ondorengo estekan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!