Dantza, sorkuntza artistikoa eta literatura izango dira Civicaneko udako programazioaren ardatzak

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 31a, 07:37

Nafarroako Kutxa Fundazioak udako programazioa aurkeztu du, “askotariko eskaintzarekin, kezka kultural guztiei zuzendua eta Nafarroako kultur sarea bultzatu eta indartu nahi duena”. Dantza, sorkuntza artistikoa eta literatura izango dira protagonista abuztuan eta irailean Civicanen.

Programazioaren eskaintza garrantzitsuenen artean dago TardeFEST saioa. “Belaunaldien arteko topagune bat izango da, udako arratsaldeez gozatzeko, jai giroan eta giro informalean”. Civican plazan kabaret eta musika ikuskizunak izango dira, abuztuko astearteetan, Katanga Dubek koordinatuta. Convergencias programak, bestalde, Civican plazako espazio irekiaren eta dantza garaikidearen arteko elkarrizketa sustatu nahi du. Led Silhouette, Fueradeleje eta Judith Sanchezen eskutik espaziorako propio sortutako hiru koreografia egingo dituzte, abuztuko ostegunetan.
Bestalde, bi astez, Ghislaine Verano eta Carmen Larraz artistek zentroko “ekosistema soziala” aztertuko dute, herritarrak espazioan nola mugitzen diren aztertuz. Abuztuaren 17an, astelehenean, 20:00etan, erakusketa publiko bat egingo dute egoitza artistikoaren ondorioak azaltzeko.

Ostiraletako arratsaldeak Sesiones programarako gordeko dituzte, eta Nafarroako Dj taldeek parte hartuko dute, zuzeneko emanaldiekin. Gainera, lau saiotan zehar Arbol proiektua garatuko da, zeinean denboraren joana eta gizarte kohesiorako esperientzia azpimarratuko diren. Ideiak eta ezagutzak partekatzeko belaunaldien arteko lotura-gune bat izan nahi du egitasmoak. Ana Rosa Sánchez hezitzaile artistikoak gidatuko ditu saioak.

Beste programa garrantzitsu bat Lab Civican da, gizarte aldaketan interesa duten adinez nagusiei zuzendutakoa. Laborategi formatuaren bidez, lan egingo da gizarte arazo berriei erantzun espezifikoa emateko eta elkartasuna sustatzeko. Javier Espinosak koordinatuko du.

Gainera, irailean Civican Topaketak programa egingo dute. Asteazkenean, hilaren 23an, Humberto Bustince (Konputazio Zientzia eta Adimen Artifizialeko katedraduna UPNAn) eta Javier Etxeberria filosofoak hausnarketa egingo dute Coexistir con Covid-19 y combatir a Tecno-Covid-19 izenburupean.

Halaber, asteazkenean, hilak 30, bigarren topaketa bat izango da, Post-Covid-19: gure gorputza eta izpiritua elikatzen izenburupean. Iciar Astiasaran (Nutrizio eta Bromatologiako katedraduna eta Nafarroako Unibertsitateko ikerketako errektoreordea) eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria izango dira bertan protagonista.


Familientzako jarduerak

Familien atalean, Nafarroako Kutxa Fundazioak arte sorkuntza sustatu nahi du ArtLAB programaren bidez. Horrela, haurrek proposatutako hiru laborategitan ikuspegiak irekitzeko esperientziak biziko dituzte, ekintza ludiko eta parte-hartzaileen bidez, ezagutza berriak eskuratzeko eta jakin-mina sustatzeko. Abuztuaren 11n eta 25ean eta irailaren 1ean izango dira, 19:00etan.

Horrez gain, asteazkenetan haur liburutegian Ipuinaren ordua-ren ohiko hitzorduari eutsiko zaio, astero ahozko kontakizunaren indar liluragarriarekin, ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz kontatutako istorioekin. Bestalde, liburutegiak irakurzaletasuna sustatzeko Letrakide programa ere egingo dute; inguruko egileekin topaketa bat, literatura iritziak eta proiektuak partekatzeko. Azkenik, astelehenero, De viva voz irakurzaletasuna sustatzeko programa egingo dute, haurrak literaturara hurbiltzea helburu duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!