Harrotu zentroko murrizketek “galera handiak” dakartzatela salatu dute LGTBIQ+ kolektiboek

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 30a, 13:25

Zentroaren kudeaketarako proposamen bat erregistratu dute Kultura eta Berdintasun sailean, laster aterako baitute pelgu berria.

Iruñeko Udaletxeko plazan bildu dira hiriko LGTBIQ+ kolektiboetako kideak, Harrotu zentroa defendatzeko, eta udalak zentroko Sexu Aniztasuna eta Genero Arretarako Zerbitzua ixteko hartutako erabakia salatzeko. 

Erabaki hori hartzeko Navarra Sumaren argudioa izan zen holkularitza juridikoa eta sexologikoa “bikoiztuta” ematen zutela Harrotuk eta Kattalingorrik, Nafarroako Gobernuaren LGTBIQ+ zerbitzuak. Baina gaur, beste behin ere, azpimarartu dute bi zerbitzu horiek elkarren osagarri direla, eta Harroturena etenda, “eredu integrala” galdu egingo dela.

“Galera handia izango da; batetik, asko ahulduko delako Harrotuk eskaintzen duen eredua; zeinetan bat egiten duten aprte-hartzeak eta akonpainamenduak; hau da, ahalduntze kolektiboak eta indibidualak. Eta, beste alde abtetik, azpibaloratu egiten da arloko profesionalen lana; izan ere, irudi du haien lan bakarra direla aholkularitza sexologiko eta juridikoa, baina askoz ere eginkizun gehiago betetzen dituzte”, adierazi du Leire Kortaxarenak.

Laster aterako dute Harrotu zentroa kudeatzeko baldintza agiri edo plegu berria, eta elkarretaratzea egin dutenek aldarrikatu dute baldintza horiek erabakitzeko orduan ezinbestekoa izango dela haien ahotsa —hirian urteak lanean daramatzaten taldeen ahotsa— eta haien eskaerak aintzat har ditzatela. Eta hori dela eta, proposamen bat osatu dute, eta Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun sailaren egoitzan erregistratu dute.

Proposamenean jaso dute haien ustez Harrotuk izan behar dituen ezaugarri nagusiak. Lau dira: Informazio zerbitzua eskaintzea, topagune izatea, ahalduntzerako zerbitzua ematea, eta LGTBIfobiaren kontrako behatoki propioa izatea. 

Horiez gainera, pertsonentzako elkargune izan behar duela diote, sarbide librekoa, eta nahikoa profesional izan behar dituela. Zehazki, eskatu dute gutxienez lau lanposturi eustea, eta langileek prestakuntza izatea sexologian, transfeminismoan eta iruñeko LGTBIQ+ errealitaean.

Azkenik, gogorarazi dute Iruñea aitzindari izan dela LGTBIQ+ pertsonen arretan, eta hori, besteak beste, kolektiboek eta Harrotu zentroak egindako lanari esker izan dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!