Auzitegiak arrazoia eman die auzoetako prebentzio zerbitzu komunitarioko taldeei

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 24a, 09:33
Udalak haren erabakiaren berri eman zuenean Iruñean egindako protestaren irudi bat.

Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak aho batez erabaki du Iruñeko Udalak udalekuak antolatzeko erabilitako espedientea baliogabetzea, eta hala, arrazoia eman die prebentzio zerbitzu komunitarioko taldeek aurkeztutako helegiteei. 

Helegiteak banaka aurkeztu zituzten Mendillorriko Bideberri Elkarteak, Arrotxapeko Batean Federazioak, Txantreako SinarZubi Federazioak, Aldezar Elkarteak, Arrosadia-Azpilagañako Yoar Elkarteak, Etxabakoitz Bizirik Elkarteak, Buztintxureando Txuri Elkarteak eta Umetxea Sanduzelai Elkarteak. Talde horiek ez zituzten udalak ezarritako baldintzak onartu; alegia, kontratuak aldatzea, auzoetan udarako programatutako jarduerak etetea eta udal kolonien ardura beren gain hartzea.

Auzitegiak talde komunitarioen argudioak babestu ditu eta udalaren justifikazioak baztertu. Irizpenean azaldu du covid-19ari lotutako araudiak ez duela kontratazio publikoaren araudiaren aplikazioa mugiarazten. Beraz, uste du ezin dela aldaketarik egin, ez bada "hori justifikatzen duten interes publikoko arrazoiak daudelako, eta arau juridiko horrek ezarritako mugekin". Hau da, koronabirusaren pandemiari buruzko araudiak ezin duela kontratu aldaketak gaitzen dituen titulu gisa jardun, eta kasu bakoitzean interes publikoa justifikatu eta zehaztu behar dela.

Halaber, epaitegiak zehaztu duenez, udalak emandako justifikazioa "ez da nahikoa"; izan ere, "ez dago azalduta zergatik ezin diren egin hasierako kontratuan jasotako udako jarduerak, eta zergatik hartzen den egokitzat beste urte batzuetan modu autonomoan eta independentean egiten diren kanpamenduekin edo udalekuekin ordezkatzea. Baztertu egin du, hala, udalak osasun arriskuagatik auzoetan jarduerak egiteko ezintasunari buruz egin zuen aipamena, zehaztasun faltagatik eta erabilitako argudioengatik.

Ebazpenean kontratuaren aldaketa pleguan aurreikusita ote zegoen ere zehaztu du, eta udalaren planteamenduak kontratuaren funtsezko edukiari eragiten ziola ondorioztatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!