Peñek ‘ez sanferminetan’ izandako "jokabide eredugarria" txalotu eta erantzukizun kolektibora dei egin dute

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 23a, 10:09
Uztailaren 6an Iruñeko Udaletxeko eraikinean zabaldutako zapia.

Peñen Federazioko kideek erakundeen, kolektiboen eta herritarren arteko elkarlana nabarmendu dute, baina kritikatu dute udalak “txupinazo alternatiboa” egin izana. Azken hilabeteetan egin bezala, ardura koelktiboaren mezuak zabaltzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute.

Peñen Federazioak ohar baten bitartez txalotu egin du ‘ez sanferminen’ aurreko egunetan eta jaiegun ez ziren egunetan erakundeek, kolektiboek eta herritarrek “elkarrekin eta koordinatuta” lan egin dutela. "Jarraitu beharreko bidea" hori dela defendatu du, eta laster Sanferminetako Mahaira deitzeko deia eskatu dio Iruñeko Udalari.

Era berean, Peñen Federazioak "erantzukizun kolektiboa" eskatu du koronabirusaren berragerraldien aurrean, eta azpimarratu du sanferminetan herritarrek, oro har, erantzukizuna behar zuten uneetan nola jokatu erakutsi dutela. "Orain konpromiso horrekin jarraitzeko unea da, egunero kasuen kopurua handitzen ari dela ikusten dugun une honetan", azpimarratu du.

Edonola ere, adierazi dute "haserre" daudela, alkateak "txupinazo alternatiboa" antolatu izanagatik, "komunikabideei dei eginez, udaletxeko fatxadan zapi erraldoi bat zintzilikatuz, eta horretan euskara bigarren mailan utziz”. Gainera, ez dute ulertzen "egitarau ofizialik egon ez den bitartean eta kolektibo guztiek jarduerak bertan behera utzi dituzten bitartean, meza bezalako ekitaldi tradizionalak mantendu eta baimendu izana, Iruñeko alkatearen parte-hartzearekin, besteak beste".

Adierazi dutenez, ez zuten jai-balantzerik egiteko asmorik, urte horretan ez baitzen halako festarik izan, baina komenigarritzat jo dute erakunde eta kolektibo guztiek azken hilabeteetan eman duten "erantzukizunaren mezua" azpimarratzea.

Era berean, gogorarazi dute, festarik ez izan arren, aurten ere kalera atera direla berdintasuna eta memoria aldarrikatzeko. "Uztailaren 7an Nagore Laffageren familiari eta Astelehen Lilas kolektiboari lagundu genien, hilketa matxista izan eta 12 urtera, eta uztailaren 8an German Rodriguez gogoratu genuen berriro, eta egia, justizia eta ordaina eskatu genituen”. Festarik ez izan arren, aldarrikapenaren beharrak hor jarraitu baitu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!