Atena Fundazioko ikasleek Iruñeko Gazteriaren Etxera eraman dituzte euren sorkuntzak

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 22a, 09:46

'Navarra a color’ izeneko erakusketa da Atena Fundazioaren arte plastikoen proposamen berria. Gazteriaren Etxean izango da uztailaren 31ra arte, eta eskola horretako ikasleek egindako hamasei koadrorekin osatu dute.

Erakusketak Nafarroari beste ikuspegi batetik egindako omenaldia izan nahi du, kolore bizi eta deigarriekin margotutako koadroen bidez. Iparraldetik hegoalderako ibilbidea eskaintzen du, Nafarroako hainbat toki eta monumentu enblematikotan barrena. Leku esanguratsuetara bidaia, Nafarroako paisaiaren aniztasuna eta edertasuna islatzeko. Bi tamainatako mihiseak dira, 116x73 cm formatukoak eta 65x54 cm-koak, tenpera teknikaz margotuak.

Ez da lehen aldia Atenaren erakusketa bat jartzen dutela Gazteriaren Etxean. 2014, 2015 eta 2016an Delaunay, Romero Britto eta Matisse margolariei buruzko tailer monografikoetan egindako lanak erakutsi zituzten.

Atena irabazi asmorik gabeko fundazio pribatu bat da, desgaitasunen bat duten pertsonen senitarteko talde batek sortua 2001ean, euren garapen integrala sustatzeko, artearen bidez, haien bizi kalitatea hobetuz eta haien bizi proiektuan aurrera egiten lagunduz. 

Artea eta pedagogia uztartzeko helburuarekin sortu zen, artearen bidez giza ahalmenak adierazteko aukera ematen du eta jarduera intelektualaren, sentsibilitatearen eta gorputz adierazpenaren arteko harreman estua agerian uzten du. Horrela, pertsona guztien integrazioa bultzatzen du, haien adina, sexua, egoera soziala, psikologikoa edo fisikoa edozein dela ere. Gainera, artea komunikaziorako, adierazkortasunerako eta hunkigarritasunerako baliabidea da, kasu honetan adimen urritasuna duten pertsonentzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!