Migratzaile guztien erregularizazioa eskatu dute elkarretaratze batean, Iruñean

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 20a, 09:28
Atzoko protestaren une bat. (Ekinklik Argazkiak)

Hainbat kolektibo sozialek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñean, egoera administratibo irregularrean dauden migratzaile guztien erregularizazioa eskatzeko.

Protesta eguerdiko 12:00etan izan zen; ordu horretan, #Paperak denotzat, #erregularizazioa jada zioen pankarta bat zabaldu zuten Gazteluko plazan. Gizarte arloko zenbait elkartek deitu zuten elkarretaratzera, besteak beste, SOS Arrazakeriak, Denontzat, Africa Unitedek eta Iruña Harrera Hiriak. Mobilizazioan parte hartu zutenek kartelak eraman zituzten migratzaile guztien erregularizazioa eskatzeko, baita hainbat esku beltz ere.

Elkarretaratzera deitu zutenen ustez, erregularizazioa da “emakume eta gizon guztiak oinarrizko eskubide gisa duintzeko lehen urratsa". Hori dela eta, Espainiako Gobernuari eskatu zioten "premiaz, modu iraunkorrean eta baldintzarik gabe" erregularizatzeko Espainiako lurralde osoan egoera administratibo irregularrean dauden emakume eta gizon guztiak.

Haien ustez, Covid-19k agerian utzi eta larriagotu egin du pertsona migratuen bizitzaren prekarietatea, eta kritikatu egin zuten atzerritartasun legeak haien “eskubide sozial, ekonomiko eta laboral guztien urraketa” eragiten duela.

"Migratzaileen eta errefuxiatuen borrokak bere horretan jarraitzen du. Ez gara geldituko gure eskubideak, askatasunak eta duintasuna aitortu arte ", aldarrikatu zuten antolatzaileek. Migratzaile guztiak berehala erregularizatzeko eskatu dute, baita "CIEak ixtea, Ceuta eta Melillako konfinatuak penintsulara eramatea eta beroan egindako itzulketak eta deportazioak amaitzea" ere.

Horiez gain, honako hauek eskatu zituzten: "Zaintza lanak egiten dituzten langileak aintzat hartzea eta kualifikatzea; atzerritarren legea indargabetzea; profil etnikoaren araberako identifikazioan oinarritutako sarekada arrazistak amaitzea eta saltzaile ibiltariak kriminalizatzea; eta pertsona guztiak Nafarroan erroldatzea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!