Bertan behera geratu da udalak egindako prebentzio komunitarioko taldeen kontratu aldaketa

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 2a, 10:04
Prebentzio komunitarioko zerbitzuen murrizketen aurkako mobilizazio bat, Iruñean. (Ahotsa.info)

Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak aintzat hartu ditu Iruñeko zazpi auzotako prebentzio komunitarioko zerbitzuak ematen dituzten taldeen erreklamazioak, eta ondorioz, aurrera eraman ahal izango dute euren udako kontziliazio jarduera, normalean egiten duten moduan, isunak jasotzen ari diren arren.

Taldeek dagoeneko iragarri dute "urtero bezala lanean jarraitzeko asmoa" dutela, beren auzoetako txikientzako jarduerak eskainiz. Hori ziurtatu zuten atzo bi teknikari eta taldeetako ordezkarik, Xabier Senosiainek eta Nor Rodriguezek.

Prebentzio komunitarioko zortzi zerbitzuetatik zazpik epaitegietara jo zuten, Iruñeko Udalak kontratua aldatu eta Iruñeko lau zentrotan hiri udalekuak egitera behartu nahi zituelako, aurten ez baitu zerbitzu hori egiteaz arduratzen zen Kontziliazio Zentroa lizitatu. Horren ondorioz, mila haur artatzetik 400 artatzera igaro behar ziren.

Kontratuan aldaketa egiteko, udalak "ezohiko larrialdiko prozedura" bat erabili zuen aitzakia gisa. Ebazpenean, auzitegiak dio horrek zentzua galdu duela, alarma egoeratik kanpo aplikatu delako, eta udalak "beste bide batzuk bila ditzakeelako hiri udalekuak egiteko.

Horrek esan nahi du zerbitzuek udan egin ahal izango dutela kontziliazio jarduera, normalean egiten duten bezala, nahiz eta isunak jasotzen ari diren; zehazki, Udalak haien aurkako 23 zigor espediente ireki ditu, 300.000 eurotik 600.000ra arte irits daitezkeen isunak jasotzen dituztenak. Isun horiekin “mehatxatu” nahi dituztela salatu dute Senosiainek eta Rodriguezek. 

Horiek horrela, orain, auzitegiaren behin betiko erabakiaren zain daude, hogei egun baititu ebazpena emateko

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!