Patxi Larrainzar ikastetxetik Mediterraneora bizikletaz, elkartasunak bultzaturik

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 1a, 10:13

Elkartasuna, kirola, talde lana… Balio horiek guztiak eta gehiago landu dituzte azken hilabeteotan Patxi Larrainzar ikastetxe publikoan, ekimen solidario berezi baten bitartez: Jorgeren erronka. Horren nondik norakoak azaldu dizkigute Arrotxapeko ikastetxeko irakasleek eta ikasleek, Guardasola saioan.

Ion Zeberio irakasleak eta Jorge De Vicente haren lagunak balentria latza egin dute asteburuan: egun eta erdian, larunbatetik igandera, 560 kilometro egin dituzte bizikletaz, Argaren sorburutik  Ebro ibaiaren itsasoratzeraino. Urkiagako gainetik Tarragonaraino. Etengabe Arga, Aragoi eta Ebro ibaien ibilbideari jarraituz. Dena Marfan sindromea dutenekiko elkartasunez.

Ikasleen lan eskerga

Aurretik, Patxi Larrainzar ikastetxeko 6. mailako ikasleek gogotik egin dute lan. Erronkaren berri emateko webgunea sortu dute testuekin, bideoekin, hamaika azalpenekin. Zozketa egiteko hainbat sari lortu dituzte: Iñaki Williamsen elastikoa, Ainhoa Irene Paredesen notak, Sustrai Colinaren bertso bat, Enrique Villarreal Drogasen diskoak… Zozketako txartelak saldu dituzte. Ion eta Jorge animatzeko kamisetak eta kartelak sortu dituzte. Ion eta Jorge lagundu dituzte Arrotxapetik igaro direlarik zein Lizarra aldean. Eta hainbat hedabiderekin harremana lotu dute ekimen solidarioak ahalik eta oihartzunik handiena eduki zezan: ETB, Aragon TV, Diario de Noticias, Ezkaba, Euskalerria Irratia…

Horri guztiari esker, 1.900 euro lortu dituzte Marfan sindromea pairatzen dutenentzat. Eta, horretaz gain, testu liburuen bidez nekez barnera daitezkeen baloreak landu dituzte: elkartasuna, elkarlana, besteenganako enpatia… Datu adierazgarri bat: bi aste joan dira ikasturtea amaitu zenetik, eta oraindik egunero elkartzen dira haien auzoko parkean, Arrotxapeko Maiteminduen parkean, elkartasun ariketa eder honetako azken lanak amaitzeko.

Irakaslea, ikasleez harro

Ionek dio oso harro dagoela haren ikasleez. Ikasleek diote oso pozik daudela Ionekin. Hala azaldu dute Ionek berak eta Uxue Etxandi, Maddi Lakasta, Ariñe Otxoa, Unai Gartzia eta Million Zeberio ikasleek, Guardasola saioan egin diegun elkarrizketan. Entzun ezazu, merezi du eta.

Julio 2020 Uztaila by ezkaba revista - issuu

Marfan sindromea

Gaixotasun hereditario arraroa da, ehun konektiboari eragiten diona. Ehuna zelula guztien "kola" bezalakoa da, eta forma eta sendotasuna ematen die organoei, muskuluei eta abarrei, 15 kromosomaren alterazio genetiko batek eta gene baten akatsek eraginda. Ehun konektiboaren proteinetan alterazioak eragiten dituzte. %50eko probabilitatea dago transmititzeko, baina %25ak ez du familia-historiarik, eta "noboaren mutazioa" da.

 Sintoma larrienetariko bat aortaren dilatazioa da. Aortaren dilatazioan, aorta presio handiarekin ateratzen da, odola gorputz osora irits dadin; orduan, alde batetik eta bestetik puztu egiten da, lehertu arte. Baina badira beste sintoma batzuk ere: kardiobaskularrak (bihotzean eta odol-hodietan), gaixotasun balbularrak (prolapso mitralean eta gutxiegitasun aortikoan), muskulu-eskeletikoak (gorputz osoan, adibidez: pertsona altuak eta meheak), begikoak (adibidez: miopia), biriketakoak (adibidez: pneumotorax espontaneoa).

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!