Normaltasuna hautsi eta borroka egitera dei egin dute LGTBI+ harrotasunaren martxan

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 29a, 09:50
Atzoko manifestazioa, Iruñeko Gazteluko plazan. (Ahotsa.info)

E28J plataformak deitutako martxak hartu zituen atzo Iruñeko kaleak, Normalizazioa hautsi. Transbollomarika borrokan lelopean. Normaltasun berrian LGTBI+ komunitatearen eskubideen aldeko borrokak hor jarraitu behar duela aldarrikatu zuten: “Hau ez da festa: erresistentzia eta borroka da”. 

Ehunka lagun atera ziren kalera atzo LGTBI+ harrotasunaren Nazioarteko Egunean egindako manifestazioan. Martxa Baluarte plazan hasi zen eta, 19:00etatik aurrera, hainbat pertsona bildu ziren han. 19:30ak aldera hasi zen manifestazioa, Normalizazioa hautsi. Transbollobimarika borrokan. Atzean, manifestariak hiru lerrotan banatu ziren segurtasun tartea errespetatzeko, eta Gazteluko plazaraino joan ziren.

E28J plataformak, manifestazioaren antolatzaileak, nabarmendu zuenez, euren aldarrikapen nagusiak urtero oihukatzen dituzten berberak dira: "Askotarikoak garela, gure kideak ezin ditugula ahaztu, feminismoen eskutik goazela eta horren alde borrokatzen jarraitu nahi dugula”

Aldarrikatu zuten LGTBI+ kolektiboarena ez dela festa bat, “etengabeko borroka eta erresistentzia” baizik. Hala, harrotasuna ez dela "saltzen" azpimarratu zuten; "defendatu" egiten dela. Arrazakeriaren eta kapitalismoaren aurkako eta feminismoaren aldeko aldarrikapen asko ere egin zituzten. Era berean, salatu zuten ez dutela "normaltasun berri" bat nahi: "Normaltasuna da arazoa”.

Guztien artean zaintzea garrantzitsua dela nabarmendu zuten, inor ez dadin sistematik kanpo geratu, "askotan gertatu izan den bezala", orientazio edo arrazakeria arrazoiengatik.

Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldi instituzionalei dagokienez, onartu zuten edozein aurrerapauso beti dela positiboa; hala ere, azpimarratu zuten ez dela ahaztu behar "etengabeko borroka" dela eta urtean pare bat aldiz agertzearekin ez dela nahikoa: "Benetan aldaketa bat eragingo duten politikak ezarri behar dira".

Nafarroako egoerari dagokionez, "ikusgarritasun handiagoa" dagoela onartu zuten, eta horrek "normalizazioa eta naturalizazioa" dakarrela. Baina, zoritxarrez, oraindik ere gertatzen ari diren beste gauza negatibo asko ere salatu zituzten. "Hemen gaude, existitzen gara eta horiei aurre egiten diegu".

Mezu argi batekin amaitu zuten: "Ezin ditugu inoiz besteak ahaztu; guztiok aske izan arte, bat bera ere ez da aske izango".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!