Iruñea, Bilbo eta Baiona lotuko ditu ‘Mahaia2020’ proiektu artistikoak

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 25a, 13:07

Ostegunetik aurrera eta abuztuaren 30a bitarte ikusi ahalko da obra Ziudadelako Labean.

8 metroko diametroko mahai handi bat topaketaren eta kolektiboa denaren sinbolo gisa, hori da ‘Mahaia2020’ proiektuaren abiapuntua. Mugaz gaindiko proiektu artistikoa da 'Mahaia2020', ostegunetik aurrera eta abuztuaren 30a bitarte ikusi ahalko dena Ziudadelako Labean. Proiektuak mahaiaren parte fisiko bat eta errealitate areagotuko mugikorrerako aplikazio bat konbinatzen ditu; bigarren hori mahaian berean dauden eta proiektuaren garapena kontatzen duten irudiekin erabil daiteke.

‘Mahaia2020’-k Iruñea, Bilbo eta Baiona elkartzen ditu. Proiektuaren ideia iazko udan sortu zen, Alexandra Baurés eta François Lostau komisarioen eta Yves Chaudouët artistaren arteko lehenengo elkarrizketak abiatu zirenean. Une horretan erabaki zen proiektuaren sinbolo izanen zen 8 metroko diametroko mahaiaren ibilbidea. Hiru partetan banatuta dago, eta horietako bakoitza ekimenean parte hartzen duten hirietako erakusketa-eremu batean kokatu behar zen. Horrela, mahaia Iruñeko Ziudadelako Labean, Bilboko Rekalde aretoan eta Baionako L´Atalante & Muelle Lesseps-en sakabanatuta dago.

Hiru erakusketen inaugurazioa apirilaren 1, 2 eta 3rako aurreikusita zegoen, baina COVID-19a dela-eta martxoaren 14an Espainian ezarritako Alarma Egoerak proiektua eten egin zuen. Zenbait elkarrizketaren ostean, erabaki zen mahaia osorik instalatzea Lizarrieta lepoko mugaz gaindiko eremuan, Saran, mugak noiz irekiko zain eta horrela mahaia bera horizonte bilakatuta. Bertan egon zen maiatzaren 19tik ekainaren 22ra bitarte, zerupean eta egurats zabalean, noiz eta bere bidaia abiatu zuen arte, hiru puskatan zatituta, hiru hirietara.

Jorge Urdánoz Kulturako eta Berdintasuneko zuzendariak erakusketa aurkeztu du gaur goizean, Alexandra Baurés erakusketaren komisarioarekin eta Yves Chaudouët eta Carolina Otamendi artistekin batera. Behin hiru erakusketak amaituta, mahaiaren hiru parteak mugaz gaindiko beste leku batean elkartuko dira berriz, eremu publikoan, biztanleek eskura izan dezaten topalekurako eta kultur hedapenerako espazio gisa. ‘Mahaia2020’ proiektuak aukera ematen du, baita ere, esperientzia etxetik bizitzeko, posta elektronikoaren bidez info@lacaracola.org-era idatzita eska daitezkeen posta-txartel bilduma baten bidez.

Elkarlana artista gazteekin

2019ko erdialdean, arte-egonaldi baterako deialdia egin zen, Uharte Zentroarekin batera, proiektua garatzeko, hiru eskualdeetakoak izan (Nafarroa, EAE eta Akitania Berria) eta nabarmentzen ari diren artistei zuzendua. Urtarrilaren 2an eman zen deialdiaren emaitza, eta Alizée Armet (1991, Baiona), Sandra Cadenas (1996, Bilbo), Eriz Moreno (1982, Bilbo) eta Carolina Otamendi (1982, Iruñea) aukeratu ziren. Bi aste geroago, topaketa bat egin zen artista egoiliar horien eta Yves Chaudouët, François Loustau eta Alexandra Baurès-en artean, Uharte Zentroan. Lan-jardunaldi hori amaituta, hautatutako artistek erabaki zuten elkarrekin proiektu berri bat egitea. Haien eginkizuna zen hiru hirietan kokatuta zeuden mahaiaren hiru parteak aktibatzea, bai eta errealitate areagotuan aritzea.

Lehenengo unean, artista egoiliarrek pentsatu zuten nola egin zitekeen eskualde ezberdinetan banatutako mahaiaren hiru parteak lotzeko. Geometria eta geografia lotuz, hiru hirien arteko triangelu bat marraztu zuten mapa batean, bai eta triangelu hori biltzen zuen zirkulu bat ere, horrela mahaiaren beraren formari ere jarraituz. Orduan hiru lekuen arteko bidegurutzea bilatzea pentsatu zuten, eta horien erdigunea (edo erdiguneak) aurkitu, eta horretarako hiru metodo aplikatu zituzten. Distantziaren metodoaren bitartez, Villabona aurkitu zuten erdigune gisa; denboraren metodoarekin, Orio izan zen erdigunean; eta azkenik, mapan zirkuluaren erdigunean markatuta, Aiako basoa agertu zen hirugarren puntu bezala.

Bidaia, esperientziak eta errealitate areagoturako materialak

Otsailean hitzordua egin zuten Orion. Artista bakoitza bizi den hiritik abiatu zen (Baiona, Bilbo edo Iruñea), eta bidaia dokumentatu zuen. Behin guztiak elkartuta, espedizioa beste bi zentroetarantz abiatu ziren, eta han erregistroak egin zituzten argazkiak, bideoa eta audioa erabilita. Hilabete horren erdialdean, Uharte Zentroan ezarri ziren, proiektuari forma eman eta ekoizpenaren parte bat aurrera eramateko. Bidaian barna sortu zituzten materialen artxiboan, irudiak eta grabazioak hautatu zituzten, eta areto bakoitzerako piezak sortu. Errealitate areagoturako elementuak ere aukeratu ziren.

#MAHAIA 2020 Alexandra Baurès eta François Loustau komisario dituen arte proiektu bat da, Rekalde aretoak (Bilbo), La Caracola kultur elkarteak (Iruñea) eta La Maison kultur elkarteak (Baiona) antolatua, Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria euroeskualdearen laguntzarekin eta Iruñeko Udalaren, Nafarroako Kutxaren, Uharte Zentroaren, Bilboko Institut Français-en, 64 eskualdearen, Baionako Udalaren eta L’Atalante zinemaren laguntzarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!