Udan zehar, zehazki uztailaren 6tik abuztuaren 28ra, Iruñeko Udalak hiri-kanpaldiez eta zaintza-guneez osatutako zerbitzua eskainiko die familiei, kontziliazioari bidea emateko eta hiriko haur eta nerabeek jolaserako eta sozializaziorako duten eskubidea babesteko. Aurreikusitakoaren arabera, eguneko 100 toki eskainiko dira lau ikastetxe hauetako bakoitzean: Ermitagaña IP, Hegoalde IP, Iturrama IP eta Cardenal Ilundain IP. Irizpideei dagokienez, zein auzotan bizi eta ahalik eta gertuen egotea aintzat hartuko da.
"Benetako arduragabekeria da udarako hiri-kolonien programa bat iragartzea koloniak nork artatuko dituen jakin gabe, programa hori hartuko duten ikastetxeak inprobisatuz eta prebentzio-taldeekin gatazka sortuz. Erabaki politiko bat da hau, ez baitu oinarri teknikorik, eta auzoetako dotazioak murriztea du helburu". Hala mintzatu da EH Bildu eskuineko hirukoak Iruñeko lau ikastetxetan hiri udalekuak martxan jartzeko egin duen iragarpenari buruz. Maria Caballero Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren arabera, auzoetako Prebentzio Ekintza Komunitarioko zerbitzuetako kideek artatuko dute zerbitzu hau.
"Prebentzio talde guztiek publikoki iragarri dute ez dutela onartzen eskuineko hirukoak ezarri nahi dien kontratu aldaketa, eta ez dituztela kanpalekuak bere gain hartuko", gogorarazi du koalizioak, eta aipatu du Gizarte Zerbitzuek "arduragabekeria onartezinarekin jokatu dutela, arazoa konpondu gabe eta herritarrei egiazkoak ez diren itxaropenak sortuz".
Urtero eskaintzen den kontziliazio zerbitzua udaleku hauekin ordezkatzea "erabaki politikoa da, izendapen askeko kargu batek egindako txosten batean oinarritua. Ez ditu irizpide teknikoak errespetatzen, zeinak prebentzio-zerbitzuek haurrak beren auzoetan geratzeko egin duten lana babesten duen". "Aldaketaren gobernuak auzoak indartzeko egindako apustua iraultzeko saiakera berri bat da, eta, gainera, haurren arretan murrizketa ikaragarria dakar", esan du EH Bilduk. "Izan ere, aurten arte lizitatzen zen zerbitzuak eta prebentzio-taldeek auzoetan egiten zituzten ekintzek 1.000 adingabe baino gehiago bateratzea bermatzen bazuten, oraingo eskaintza 400 inguru dira", salatu du. Azkenik, koloniak hartuko dituzten zentroen inguruko "inprobisazioa" ere salatu du koalizioak. "Hasieran, 4 ikastetxe iragarri ziren, haiekin egiaztatu gabe; azkenean, kokalekua aldatu behar izan dute, eta beste 4 ikastetxe proposatu, ustez egokiak izateagatik aukeratutako ikastetxeak obretan zeudelako edo egokiak ez zirelako".
Udalekuak
Zerbitzua 6 eta 12 urte bitarteko adingabeei zuzenduta dago, nahiz eta 14 urte bitartekoak ere onar daitezkeen, % 33tik gorako desgaitasuna aitortua dutenen kasuan. Iruñean erroldatuek lehentasuna izanen dute. 2020ko hiri-kanpaldietan izena emateko epea bihar hasiko da, eta ekainaren 24an, asteazkenarekin, amaituko. Tokia eskatzeko bide nagusiak bi dira: www.pamplona.es udal-webgunea eta Zapatería 40-beheko bulegoak (aurrez aurre, 09:00etatik 13:00etara). Tokiak izen-ematearen hurrenkeran esleituko dira, eta jardueretarako ikastetxea, adingabeek bizileku duten auzoaren arabera.
Hiri-kanpaldien udal-eskaintzaz gain, Iruñeko Udalak beste sei ikastetxe jarriko ditu gurasoen elkarte edo gizarte-erakundeen esku, beren udako kanpaldiak garatu ditzaten. Normalean, halako entitateei doan lagatzen zaizkie guneak, eta haiek arduratzen dira instalazioen garbiketa-lanez lagapen-aldiak iraun bitarte. Oraingoan, Osasun Ministerioaren gomendioekin bat egin beharko dituzte kanpaldiak, hala haur eta gazteei zuzendutako aisia-jarduerak berreskuratzeari dagokionez (ekainaren 9an onetsitako araudia) nola behar den garbiketa eta higieneari dagokienez.
Udalak aurreikusitakoaren arabera, uda honetan bertako guraso-elkarteek antolatutako hiri-kanpaldiak egonen dira Sanduzelai, San Frantzisko eta Patxi Larrainzar ikastetxe publikoetan eta Amaiur ikastolan, kanpaldi bakoitzeko 30 bat ikaslerekin, batez beste, eta goizez. Halaber, Jose María Huarte eta Azpilagaña IPko instalazioen parte bat erabiltzeko lagako zaizkie, jarduerak egin ditzaten, Nafarroako Autismo Elkarteari (ANA) eta ANFASi, hurrenez hurren.