Familia eta lana uztartzeko zerbitzua aurrera eramateko exijitu dio Iruñeko Udalak Batean federazioari. Zerbitzua “oso beharrezkoa” dela iritzi dio federazioak, baina egun martxan duten proiektua aurrera eramatea galaraziko liekeela salatu dute. “Zerbitzu hori, duela urte batzuetatik egiten den bezala, interesa izan dezaketen enpresek eramatea nahi dugu, eta gu gure auzora itzultzea”.
Haurren eskubideen alde lan egiten duen proiektu komunitario bat dute martxan federazioan: “Lan egiten dugu gure auzoko haur eta nerabe guztiek aukera izan dezaten aisialdi osasungarria eta gune segurua izateko, familien baldintza sozioekonomikoak alde batera utzita”. Auzoak ematen dituen “baliabide komunitariekin” eramaten dute aurrera proiektua. Iruñeko Udalarekin akordio bat du federazioak Arrotxapea auzoko Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzua egiteko. Elkarteak kontratatutako hiru teknikari daude, behar den zatirik teknikoena aurrera eramaten dutenak.
“Gure espazio komunitarioak ixtearen ondorioz, auzoko haur eta nerabeek, denbora luzez, ezin izan dituzte eduki harreman osasungarriak dituzten espazio seguru horiek, askotan beste esparru batzuetan izan zitzaketen arazoei aurre egiten laguntzen zietenak, haien etxeak barne. Arriskuan zeuden haur eta nerabeak daude, eta konfinamenduak egoera hori larriagotu du”, ohartarazi dute. Proiektua beharrezko neurri guztiak betez berriz martxan jarri dezaketela iritzi diote federazioan.
Proiektuarekin aurrera egin ahal izateko, Arrotxapeko bizilagunen babesa eskatu dute. #AuzoanGeratzenNaiz traola erabilita argazki bat egin eta yomequedoenlarotxa@gmail.com emailera bidaltzeko eskatu dute.
COVID19ren pandemiarekin, udalak kontratu aldaketa bat egin zion federazioari, eta, horren ondorioz, federazioko langileak auzo-unitate desberdinen funtzioetan lagundu zuten. “Egoerak hala eskatzen zuelako ulertu genuen”, adierazi du federazioak. Hala ere, itxialdia bitartean auzoko gazteak aktibatzeko on-line jarduerak antolatu zituzten eta modu aktiboan lagudu dute Arrotxapeko zaintza-sarean.