Jesús eta María aterpetxea 77 egunez egon da zabalik, etxerik gabekoei ostatu emateko. Joan den martxoaren 24tik, Alarma Egoera deklaratu eta gero, Iruñeko Udalak baliabide hau abiatu zuenetik gaur ekainaren 9ra arte, noiz ateak itxi baitira, gizarte-bazterketa larrian diren 74 lagun artatu dituzte bertan.
Astelehen honetan 3. fasean sartzearekin batera, pertsonen mugikortasun handiagoa ahalbidetu baita, Udalak uste du baliabide honek bete egin duela dagoeneko sortzeko oinarri hartutako xedea, eta, horrenbestez, astearte honetan itxiko da. Duela 2 aste bigarren fasean sartu ginenetik, pertsona gehienek denbora gehiago ematen zuten kanpoan barruan baino. Ordutik, bada, lantzen hasi ziren baliabide hau husten joateko har zitezkeen irtenbide eta alternatibak, hura ixteko aukera edo erromesen aterpetxearen ohiko zereginetara bueltatzekoa ikusita. Bi hilabete eta erdi hauetan ez da inor kutsatu, ez aterpe hartutakoen artean ez bertan lanean ari ziren profesionalen artean.
74 pertsona horien erdiak baino gehiago, 39 zehazkiago, kalean bizi ziren; 9k pisu partekatuak utzi behar izan zituzten Alarma Egoeran; 7k auto edo furgonetetan lo egiten zuten; 6k familia-etxea utzi behar izan zuten; 6 infraetxeetan bizi ziren (aurriak, beheak, trastelekuak...); 4, etxe okupatuetan; 2 presondegitik zetozen eta bat, psikiatria-unitatetik.
Aterpetxean egon eta gero, 13 lagun beste baliabideetara bideratu dituzte ostatu-beharrak asetzeko eta hasitako prozesuekin jarraitzeko; 19k amaitu dute ezarritako prozesua, eta diru-sarrerak dituzte pisu partekatuetan, pentsioetan edo familia-etxeetan ostatu hartzeko, eta 2k prozesua amaitu bai baina ez dute diru-sarrerarik (bat jatorri-komunitatera itzuli da eta besteari segimendua egiten jarraitzen diote kaleko lantaldeak eta auzo-unitateak, behin erroldatze-agiria eskuratu eta gero). Beste 16k beren borondatez ateratzea erabaki zuten prozesua amaitu baino lehen, ostatu-aukerak zituztelako, eta 14 aterpetxetik joan ziren azaldu gabe nora zihoazen.
Etxerik Gabeko Pertsonen Arta doitzeko neurriak
Covid-19aren krisia iritsi eta Alarma Egoeraren deklarazioaren aurrean, martxoaren 15ean, zenbait doikuntza egin behar izan zituzten Iruñeko gizarte-baliabideetan. Etxerik gabeko lagunei arta emateko zerbitzuei dagokienez, Trinitariosko aterpetxean lekuak doitu zituzten eta 64 izatetik 42ra igaro ziren, ostatu hartutako pertsonen arteko tartea bermatzeko, hala logeletan nola espazio komunetan, eta isolamendu-gune bat sortzeko positibo ematen zutenentzat.
Hiriko baliabide nagusian espazioa murriztu izanak eta kalean, infraetxeetan (aurri-egoerako eraikinak, trastelekuak) eta ibilgailuetan lo egiten zutenei arta emateko beharrak ezinbesteko egin zuten lekuak handitzea, erantzun egokia emateari begira ostatu edo hotelen bidez edo Jesús y María aterpetxea egokituz bertan 40 leku sortuta bazterketa handiko pertsonentzat. Horren helburua pertsona horiek konfinamendu-aldian modu egokian artatzea zen, eta bermatzea inor ez zela kalean geratzen.
Erabiltzaileek zerbitzuari buruz egindako balorazioa
Maiatzaren 4tik 8ra bitarteko astean, aterpean zeuden 37 pertsonetatik 26k onartu zuten inkesta labur bat betetzea aterpean emandako egonaldiaren gaineko asetze-mailari buruz eta haien ustez koronabirusaren krisia dela-eta jasan zuten inpaktuari buruz. Instalazioen egoerak 4,15eko nota izan zuen 5en gainean; garbitasunak, 4,79; jasotako artak, 4,4 5en gainean, eta Covid-19aren aurrean hartutako neurriak, 3,86.
Krisiari lotutako beste zenbait alderdiri dagokionez, uste zuten krisiak eragindako inpakturik handiena etxebizitza eskuratzean (1,56, 5en gainean) eta lanean zein prestakuntzan (2,04) izan zela. 3ko puntuazioaz baloratu zuten krisiak eragindako estresa, eta 3,5ez batez beste Covid-19ak eta konfinamenduak eragindako egoera eramateko maila. Amaitzeko, haien balorazioen arabera aterpetxea oso baliagarria izan zaie krisiaren garaian (4,5, 5en gainean).
Xilema gizarte-entitateak egin du baliabidearen kudeaketa teknikoa; eskarmentu zabala dauka bazterketa egoeran dauden pertsonekin egindako esku-hartzeetan eta esleituta dauka Iruñeko Udalak Trinitariosen duen Etxerik gabeko pertsonak artatzeko Zentroa. Okupazio-datuek, erabiltzaileen balorazioek eta hartzaileekin egindako prozesuek agerian uzten dute baliabidea eraginkorra eta egokia izan dela Iruñearentzat osasun-larrialdiko egoeran, eta, horrenbestez, Udalak oso balorazio positiboa egiten du horren gainean.