Navarra Sumako zinegotzi baten alabak zuzenduko du 'Pamplona Reclassics' udal jaialdi berria

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 5a, 11:34

Iruñeko Udaleko Navarra Sumako zinegotzi Fernando Villanuevaren alabak, Isabel Villanueva musikariak, zuzenduko du Pamplona Reclassics elkartearekin batera udalak antolatuko duen jaialdia. 

Iruñeko Udalak antolatuko duen lehen jaialdia izanen da uztailaren 28an hasi eta abuztuaren 1an amaituko den 'Pamplona Reclassics' nazioarteko jaialdia. Orain arte hiriak hartutako jaialdietan babesle izan da udala, baina oraingoan "parte hartze eredu publiko-pribatuaren" alde egin du Navarra Sumaren udal taldeak. Jaialdiaren koolaboratzaile nagusi eta antolatzaile kidea izanen da Pamplona Reclassics elkartearekin batera. Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Erresuma babesleak izanen dira.

Jaialdiaren sortzailea Navarra Sumako Fernando Villanuevaren alaba da, Isabel Villanueva biolin jotzailea. Berak zuzenduko du, gainera, jaialdia. Antolatzaileek jaialdiaren webgunean azaldu dutenez, jaladia "duela hamar urte baino gehiago sortu zen Isabel Villanueva biolin-jotzaile ezagunaren irrika pertsonal batetik abiatuta". Bere "ilusioa" 2020ean "gauzatzea" lortu dutela diote orrialdean. 

180.000 euroko aurrekontua du jaialdiak, eta horietatik 40.000 Iruñeko Udalarekin egindako hitzarmen batetik datoz, baita erakunde publiko eta pribatuen gainerako diru laguntzetatik ere, eta enpresen babesletzatik.

Musikari saritua

18 urte zituela RTVEko Orkestra Sinfonikoarekin batera Bartoken Violarako Kontzertuarekin debuta egin zuenetik, ibilbide oparoa garatu du Isabel Villanuevak (Iruñea, 1988), Latinoamerika, Errusia, Ekialde Ertaina, Txina eta Europako orkestra garrantzitsuekin jotzera eraman duena. 2013an, Iranen bakarlari gisa kontzertuak eman zituen lehen biolista atzerritarra bihurtu zen. 2015ean RNEko Musika Klasikoaren Begi Kritikoa saria eman zioten. "Bohèmes" bere lehen albumak 2018ko Musika Klasikoko album onenaren min-saria jaso zuen. 2019an Madrilgo Erkidegoko Musika Klasikoko Kultura Saria jaso zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!