Labriteko pasabidea konponduko du Maiak

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 20a, 15:27

Pasabideak "hutsune larriak" dituela ondorioztatu dute adituek. Aurreko legegintzaldian zubia botatzea onartu zuen Joseba Asironen udal taldeak, baina pasabidearen inguruko txostena eskatu zuen egungo udalak. Konponketa lanek 400.000 euro inguruko kostea izanen dutela aurreikusi dute.

"Labriteko pasabideak hutsuneak ditu, horietako batzuk larriak, baina arazo horiek konpon daitezke zenbait esku-hartze eginda". Hori adierazi du gaur Iruñeko Udalak. Hirigintza Batzordeak gaur goizean eduki du Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoaren Nafarroako demarkazioak eginiko txostenaren ondorioen berri. Zuzenbide publikoko entitate horrek pasabide gainean hainbat ikuskapen, proba eta saiakuntza egiteaz gain eskuragarri izan duen dokumentazio guztia aztertu du, egitura eta haren portaera hobeki ezagutze aldera. Alonso Cobo Ingeniería enpresako Alonso Cobok sinatzen du txostena.

Enrique Maia Iruñeko alkateak, gaur goizean, batzordearen bilkura amaitu ostean, agerraldia egin du jendaurrean azaltzeko Udalaren eskariz eginiko ikerketa teknikoaren emaitzak. Txosten hori 2016ko irailaz geroztik jendearendako itxita dagoen azpiegiturari buruzko erabakiak hartzen laguntzeko eskatu zen.

Ia 400.000 euro

Txostenak guztira 380.000 euroan (BEZa kanpo) zenbatetsi du egin beharreko esku-hartzeen kostua. Ingeniarien Elkargoaren ondorioen arabera esku-hartzeak hiru lan-ildo izanen lituzke. Batetik, zimenduen gainean esku-hartzea, pasabidearen zubi-branken (Jito Alai eta Media Lunako euste puntuen) higidura horizontala eragozteari begira. Proposamenak eskatuko luke mikrozementu injekzioa egitea lurrean edo zimenduak finkatzeko bestelako teknikak erabiltzea, egiturak mugimendu zehatz horrekiko duen sentikortasuna mugatze aldera. Bestetik, eta egitura metalikoari dagokionez, behar bezala soldatu eta behar diren errefortzu metalikoak jarri beharra dagoela azaltzen dute, herdoila urez garbitu eta xaflen lodiera erabilgarria neurtu ondoren. Azkenik, txostenak pasabidearen drainatzea hobetzea proposatzen du eta egun dituen zoladura eta euskarriak kentzea, gaineko xafla inpermeabilizatuko duen zolagain berri bat jartzeko. Alkateak adierazi duenez, Iruñeko Udala lanean ari da konponketa honek Udalaren diru-kutxari gasturik eragin ez diezaion.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!