Sindikatuko ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur, segurtasun tartea mantenduz, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren (CEN) egoitzaren kanpoaldean, patronalari esateko langileek ez dutela egoera hori sortu: "Sistema kapitalistaren ondorioa da, eta, beraz, eurek ordain dezatela".
LABek azpimarratu duenez, Nafarroan, osasun krisiak sortutako egoerak ondorio larriak izan ditu. Zentzu horretan, 6.583 enplegu erregulazioko espediente aurkeztu direla eta 61.185 langileri eragin dietela adierazi du. Horrez gain, enpresen itxiera masiboak aldi baterako kontratuak dituzten langile askoren kaleratzea ekarri duela, eta horietako askok ez dutela prestaziorik jasotzeko aukerarik izan.
Halaber, kontraturik gabeko etxeko langileen, kaleko saltzaileen, musikarien edo urpeko lanak egiten dituzten pertsona guztien egoera "are larriagoa” dela azpimarratu du, ez baitute inolako laguntzarik jaso.
"Lanpostuetan jarraitu duten langileetatik, funtsezkotzat jo dituztenez, kasu askotan segurtasun neurriak ez dira nahikoak izan eta haien osasuna arrisku larrian jarri dute", kritikatu du sindikatuak. "Berriro ere bigarren mailan geratu dira, enpresaburuen irabaziak bermatzea lehenetsi dutelako", salatu du.
Sindikatuak adierazi duenez, gizartea prestatu eta, batez ere, antolatu egin behar da "raso berri honetarako”. Patronalari zuzendu zaio: "Aurrean izango gaitu eta ez ditugu bere aitzakiak onartuko".