Konfinamendua arintzeko prozesuaren lehen fasean tabernek terrazak irekitzeko aukera izango dute, zenbait baldintzarekin, eta egoera horretan, Iruñeko Udalak jakinarazi du taberei aukera emango diela terrazen eremua zabaltzeko. Alde Zaharra Ekimena taldeak adierazi du ez duela bat egiten erabaki horrekin, batik bat azken urteetan tabernen ugaritzeak Alde Zaharrean eragin dituen kalteengatik. Taldeak gogoetarako deia egin du.
“Ezin dugu ahaztu azken urteetan sortutako egoera ez zela jasangarria”, adierazi dute ohar baten bitartez. “Ezin da onartu kafetegi gisa sortutako hamarnaka lokal taberna bilakatzea (haietako asko gaueko ordutegiarekin) edota kale askotako auzokideek zarata etengabe pairatzea. Ez da onargarria establezimendu batzuk Alde Zaharreko plazetaz jabetzea (San Nikolas, Kontseilu, Udal plaza, Burguen plaza...), auzokideoi, eta bereziki txikienei, euretaz gozatzeko espaziorik gabe utziz. Plazak beti defendatuko dugun espazio publikoa dira: honenbestez, ez dugu uste, planteatzen ari diren bezala, irtenbidea terrazentzako espazio gehiago uztea denik”. Azpimarratu dute administrazioaren betebeharra dela “bermatzea kaleak eta plazak pertsona guztien gozamenerako direla”, eta horretarako, premiazkotzat jo dute ostalaritzari laguntzeko erabakiak sektore guztien parte hartzearekin egitea.
Bestalde, koronabirusaren krisiak eragin duen egoera hausnarketarako baliatzeko eskatu dute AZ Ekimeneko kideek. Izan ere, krisiak erabat aldatu du pertsona guztien bizimodua, eta horrek gizartearen ohiturak eta baloreak aldatzea eskatuko dutela adierazi dute. Haaber, nabarmendu dute krisiak erakutsi duela zein garrantzitsuak diren “auzo batu, arduratsu eta solidario bat·, zaintza sareak adibdie jarrita, eta “gertuko merkatarien sarea”. Hori dela eta, gai horien inguruan gogoeta egiteko deia egin dute.