Osasunak bakarkako entrenamenduei ekingo die aste amaieran

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 6a, 11:31

Entrenamenduen lehen fasean, futbolariek bakarka egingo dute lan, ahalik eta teknikari gutxienek lagunduta. Atzo mediku kontrolak egin zizkieten, tartean COVID-19 gaitza detektatzeko probak.

Osasunako lehen taldeko jokalariak bakarka itzuliko dira entrenamenduetara aste honen amaieran. Data zehatza zehazteke dago oraindik, baina Espainiako Gobernuak kirolari profesionalen entrenamenduei bakarka ekiteko baimena eman du, konfinamendua leuntzeko planaren barruan.

Entrenamenduen lehen fasea hasteko lehen taldeko jokalari guztiak deitu dituzte. Gainera, Iñaki Alvarez, Jorge Herrando eta Javi Martinez filialeko jokalariek ere Jagoba Arrasateren aginduetara lan egingo dute, klubak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Entrenamenduen lehen fasean, futbolariek bakarka egingo dute lan, ahalik eta teknikari gutxienek lagunduta. Taxoareko instalazioetara modu mailakatuan sartuko dira, eta bost minutuko tarteak utziko dituzte futbolarien iritsieren artean. Etxetik entrenamenduko arropa jantzita iritsiko dira, aldageletan aldatu beharrik ez izateko, eta eskularruak eta maskara eramango dituzte zelaian sartu arte. Teknikariek futbol zelaiak zatikatuko dituzte hainbat lan eremutan.

Aire zabalean arituko dira

Eguraldiak horretarako aukera ematen badu, lana aire zabalean egingo dute. Barneko espazioetan egin behar denean, jokalariak konpartimentu estankoetan arituko dira. Behin lan saioa amaituta, futbolariak zuzenean erretiratuko dira beren ibilgailuetara aldageletatik igaro gabe.

Entrenamenduak hasi baino lehen, instalazioak desinfektatu egingo dituzte. Instalazioetara sartu ahal izango diren langileak jarduera garatzeko "behar-beharrezkoak" direnak soilik izango dira. Guztira, 50 langile inguruk Taxoarera joateko aukera izango dute, tartean futbolariak eta talde teknikoa. Atzo laneko arriskuen prebentzioari buruzko legediarekin bat datozen mediku kontrolak egin zizkieten, tartean COVID-19 detektatzeko probak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!