Margolaria eta intsumisoa, edo nola iritsi zen Zumetaren koadro handi bat Iruñeko Merced karrika txikira

Euskalerria Irratia 2020ko api. 30a, 13:31

Jende gutxik daki, baina Iruñeko Merced karrikan, Bakearen Etxean -hau da, KEM-MOC talde antimilitaristaren egoitzan-, bada Jose Luis Zumeta margolari zendu berriaren koadro handi bat.

Zumetaren margoan Millan Astray ageri da, Espainiako Legioaren fundatzailea: betoker, besamotz, kopetilun, beldurgarri. Gainean, Unamunori esan ei zizkion hitzak ditu izkiriaturik, gaztelania batuan: “¡Abajo la inteligencia! ¡Viva la muerte!” (Pikutara intelgientzia! Gora heriotza!). Esan ei zituela diogu, ez dagoelako batere argi hitzok bereak diren. Nola iritsi zen, ordea, Zumetaren koadro handi hori Merced karrikara? Bada margolari handiaren eta intsumiso gazte baten arteko harremanari esker.

1993ko udazkenean Iruñeko espetxea intsumiso presoz bete zen. Hori euskaldunon hiriburuzagiko karriketan eragiten ari zen presioa ekidite aldera, Espainiako Gobernuak (orduan PSOEren esku) intsumisoei 3. gradua ematea erabaki zuen, gaua espetxean baina eguna kalean eman zezaten. Hainbat intsumiso iruindarrek, ordea, planto egitea erabaki zuten, 3. graduari muzin egitea.

Mikel Huarte Alzueta horietako bat zen. Egun, suhiltzailea da. Garaiotan, ikasle gazte bat zen, 23 urtekoa. Eta plantoa prestatzen ari zirelarik, aurrez-aurre ezagutzen ez zuen baina oso gogoko zuen margolari batekin harremanetan jartzea otu zitzaion: Jose Luis Zumetarekin hain zuzen ere. Haren margoak ikusita zituen zenbait disko azaletan, eta Hika aldizkarian. Aldizkarira deitu, eta haren kontaktua eskatu zuen. Hortik aurrerako istorioa ezagutzeko, entzun Huarteri Metropoli Forala saioan egin diogun elkarrizketa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!