Familien %36k euskaradun ereduak nahi dituzte Iruñeko haur eskoletan, udalaren inkestaren arabera

Euskalerria Irratia 2020ko api. 25a, 10:19

  • Egun haurren %36 ari dira euskarazko ereduan. Navarra Sumak iragarritako aldaketekin, ordea, euskarazko plazen eskaintza %14ra jaitsiko litzateke.
  • Oposizioak hilabeteak zeramatzan inkestaren emaitzak eskatzen, eta Maia alkateak alarma egoeraren erdian plazaratu ditu.

Martxoaren 6an, Iruñeko Udalbatzak Hezkuntza, Kultura eta Herritarren Parte Hartze zinegotzi Fernando Sesma erreprobatu egin zuen, EH Bildu, Gero Bai eta PSNren botoekin. Hiru taldeok haserre azaldu ziren Sesmarekin, ez zielako argitzen haur eskoletako hizkuntza ereduen inguruko inkestaren emaitzak. Navarra Sumak datuok orain ezagutaraztea erabaki du, alarma egoeraren erdian, eta Enrique Maia alkateak koronabirusa pairatu ondoren lanean hasi eta berehala.

Zenbait hedabidek diote inkestaren arabera familien %22k nahi dutela euskarazko eredua. Haatik, hori ez da egia osoa. Galdekatutako familiek egungo hiru ereduen artean hautatu beharko balute, %66k eginen lukete gaztelania eta ingelesaren alde; %22k euskararen alde; eta %7k gaztelaniaren alde. Baina esan gabe doa hautu horietan distortsio handia eragiten duela egungo ereduetan badagoela ingelesa eta gaztelania uztartzerik; ez, ordea, ingelesa eta euskara.

Eredu aukera zabalduz gero, erantzunak bestelakoak dira: sendien %55k gaztelania eta ingelesa nahi dute; %13k, euskara soilik; %10k, euskara eta ingelesa; %8k, gaztelania eta euskara; %5k ingelesa, euskara eta gaztelania; %6 gaztelania soilik; %2k beste aukera batzuk; eta %1ek ez du adierazi zein hizkuntza eredu nahiko lukeen. Gauzak horrela, inkestaren arabera, euskara duten ereduak nahi dituzten familiak %36 dira. Ñabardura adierazgarri bat: inkestan euskararik gabeko gaztelania eta ingelesdun ereduaren alde gehien egiten dutenak haurrak jada haur eskola pribatu batean dituzten sendiak dira: %77.

Egun, hain zuzen ere haur eskoletako familien %36k daramate haurra euskarazko eredura; %36k gaztelania eta ingelesa uztartzen dituenera; eta %28k gaztelania hutsezko eredura. Halaber, egun, Iruñeko 10 udal haur eskolek 941 haur dauzkate. 301 daude itxaron zerrendan. Horien %28 euskarazko eredurako, eta %72 gainontzekoetarako.

Haatik, Navarra Sumak haur eskoletan iragarri dituen aldaketak gauzatuko balira, euskara duten ereduen eskaintza %14ra jaitsiko litzateke. 2016-2017 ikasturtean, aurreko udal aginte taldeak euskarazko eredua ezarri zuen Donibane eta Printzearen Harresi haur eskoletan. Eta, hartara, euskarazko haur eskolak hamarretik bi izatetik hamarretik lau izatera igaro ziren. Epaileek erabaki horren aurka ebatzi dute, Nafarroako Gobernuaren onespena ez zutelakoan. Eta ebazpen horri helduta, Maiak iragarri du aldaketotan atzera eginen duela, bi ikasturte barru euskarazko haur eskolak hamarretik bat eta erdi izan daitezen. Udalbatza, alta, kontra dauka.

Mercatec enpresak urtarrilaren 29tik otsailaren 12ra egin zuen inkesta. 1.000 galdeketa egin zituen, 0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten familien artean. Erroldaren arabera, Iruñean adin horretako 6.464 haur daude 0 eta 3 urte artekoak, 5.531 familiatan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!