Aita Moret ibilgailuei irekitzea baztertu du 8-80 plataformak

Euskalerria Irratia 2020ko api. 24a, 09:13

Hartutako erabakia zuzendu dezala eskatu diote ohar bidez Iruñeko Udalari.

8-80 plataforma Iruñeko Aita Moret kalea motordun ibilgailuei irekitzearen aurka agertu da, "Europako jarraibide guztien eta bizikleta-mugikortasunaren aldeko korronte berriaren kontrako erabakia" dela iritzita, "COVID-19k sortutako pandemia gertakariarekin bat eginez munduan ehunka hiri egiten ari diren bizikleta-mugikortasunaren alde".

Horregatik, "udalak premiazko erabaki hau zuzentzea eta hiri iraunkorrago eta osasuntsuago baten alde aurrerapausoak ematen jarraitzea" espero du plataformak.

Horren harira, ohar batean azaldu duenez, "duela gutxi Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ohar bat igorri du lantokietara joateko bizikleta erabiltzea gomendatuz, eta Osasun Ministerioak ere bere iritzia eman du bizikletaz edo oinez joateko gomendatuz".

Hala ere, plataformak adierazi duenez, "zoritxarrez, Iruñeko bizikleta azpiegiturak eskasak dira, haien eskasiak eta konektibitate faltak hirian bizikletaren erabilera ahultzen dute, herritar gehienek sumatzen duten segurtasun ezaren sentsazioa dela eta".

Hori dela eta, plataformak "premiazkotzat" jo du "zenbait neurri hartzea, DGTren eta Osasun Ministerioaren gomendioei jarraituz, herritarrak garraiobide horren alde egitera animatzeko".

Hala, herri barruko bideetan eta zeharbideetan gehienezko abiadura 30 km/h-koa izatea proposatu du. Eta abiaduraren murrizketa ziurtatzeko "hirigintza taktikoko" neurriak ezartzea ere proposatu du; trafikoari kaleak ixtea; Udaltzaingoaren patruila bizikletan jartzea, "txirrindularien eta oinezkoen eskubideak zaintzeko"; bizikleta erabiltzea gomendatuz publizitate-kanpaina bat egitea; herritarrek erabiltzeko erabilera publikoko bizikletak erostea edo alokatzea; eta herritarrek edo txirrindularien kolektiboek kudeatutako konponketa-tailerrak sortzea erraztea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!