Lehen ediziotik zortzi urte igaro direnean eta liburu dendetan alerik geratzen ez denean, Txalaparta etxeak Amaia Nausiaren ¿Virgenes o putas? liburuaren hirugarren edizioa argitaratu du. Lan horretan, historialariak Nafarroako konkistari begiratu dio, baina ohiko irakurketetan itzalean geratu ziren horiengan jarri du fokua: emakumeengan. Historia aztertzerakoan begirada aldatzearen garrantzia nabarmendu du.
Liburua 1512ean abiatzen da, “urte hartako gertaerek Nafarroan eragin zuten guztiarengatik”, baina lana XVI. mendean kokatzeko beste arrazoi asko daudela azaldu du egileak: “Mende hori trantsizio garai bat izan zen, kapitalismoa eta patriarkatua eskutik heldu ziren, eta emakumeek eskubide asko galdu zituzten. Hori dela eta, emakumeek garai hartan jasan zuten doktrinamendua eta zigorra jaso du lanean, baina baita estereotipoekin apurtu zuten guztien erresistentzia ere, eta horrek guztiak Nafarroan izan zituen ezaugarri bereziak.
Liburuaren edizio berriak pasarte berri bat ere dakar, amatasunaren gaia jorratzen duena. Nausiari berari ama izateak ekarri dion ikuspegi aldaketak, eta amatasuna, hain zuzen, garai hartan inposatzen zuten emakume ereduaren oinarrietako bat izateak, gaia jorratzera eraman duela kontatu du. Pasarte berri horrez gain, historialariak azpimarratu du ikuspegi berriak, ondorio berriak eta galdera berriak planteatu dituela lanean, azken urteetan sortu den olatu feministak beste kontzientzia bat eman diolako.
Gaur liburu dendan aurkeztuko du Amaia Nausiak ¿Virgenes o putas? liburua Katakrak liburu dendan, arratsaldeko 19:00etam, Rosa eta Ana Iziz eta Charo Roquerorekin batera.