PSNk ez du haur eskolen aldaketen aurka egin

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 5a, 20:23

  • Haur eskolen inguruko mozioa eztabaidatu du Udalbatzak. Navarra Sumari aldaketarik ez egiteko eskatzen zitzaion puntuan aurka bozkatu du PSN. 
  • Navarra Sumako Fernando Sesma zinegotziaren jarreraren aurka azaldu dira EH Bildu, PSN eta Geroa Bai.

Haur eskoletan Navarra Sumak aurreikusitako aldaketen inguruko mozioa eztabaidatu du gaur Iruñeko udalbatzak. Aldaketekin ez jarraitzeko eskatzen zitzaion mozioaren lehen puntuan Iruñeko Udalari. Hori aurrera ateratzea “oso zaila” dela iritzi dio PSNk; eta, hala, puntu horren aurka bozkatu du gaur osoko bilkuran. Navarra Sumako botoekin udalbatzak ez du onartu erabakian atzera egitea eskatzen zien adierazpena.

Hizkuntza profila “herraminta politiko” gisa erabiltzea egotzi die PSNko Maite Esporrinek gainerako taldeei. Gaiaren inguruan eman diren epaiek 2016ko akordioak bertan behera utzi dituztela gogorarazi die EH Bildu eta Geroa Bairi: “Gauzak ez dira ongi egin, eta onartu behar duzue”.

EH Bildu eta Geroa Baik mozioaren alde bozkatu dute. Puntuka bozkatu dute sozialistek EH Bilduren mozioa.Langileen eskubideak errespetatuko direla dioen puntuan abstenitu egin da PSN. 

Haur eskoletan aurkitu duen egoerarekin “harrituta” dagoela esan du Navarra Sumako Fernando Sesmak: “Zelako oparia”. Argudiatu du sententziak betetzen ari direla, eta ez dutela eskaintzaren “berregituraketarik” eginen.

Familiekin biltzeari uko egin diola egotzi diote EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Hori dioen puntuaren alde bozkatu dute oposizioko talde guztiek. Fernando Sesma zinegotziak esan du agerraldi bat egiteko eskaerak jaso dituela, eta eskutitz baten bidez azalpenak emateko prest azaldu dela.

EH Bilduko Maider Beloki adierazi du eskolen eta euskararen auzia "eskubide kontua" dela. Eleaniztasuna “gehigarria den bertutea” dela ohartarazi dio alkateari; eta “errebantxismoa” egotzi dio. 2015ean udalera iritsi zirenean haur eskolak egoera “penagarrian” aurkitu zituztela esna du.

Haur eskolak “zokoratuagoak” izanen direla salatu du Geroa Baiko Patxi Leuzak, “kontziliazioa” zailduz familiei. “Eskari bat bada euskaraz eta bete behar dugu”, gogorarazi du. “Besteekin alderatuz, haien haurrak euskaraz matrikulatu nahi dituzten familiek ez dute ez gehiago ez gutxiago eskatzen”.

 “Ez duzue eskubiderik”

Seme-alabak euskarazko eredura eramaten dituzten gurasoak ere izan dira udal aretoan. Goizeder guraso elkarteko Iñigo Otxoa izan da lehenengoa hitza hartzen eztabaidan, eta azaldu duenez, udalaren erabaki “bidegabeak” sortzen duten kaltea agerian uzteko sartu dira udaletxean.

Navarra Sumak egin duen aldaketarekin amaitzeko eskatu dio Enrique Maia alkateari. Iruñean euskarazko eredua duten lau haur eskola behar direla iritzi dio, hiritik sakabanatuak, denek gertu eduki ditzaten bat. Eskaintza eta eskaria ez bateratzeko eskuinak erabiltzen duen argudioa “gezurra” dela adierazi du, eta “fobia” eta “errebantxismoa” salatu ditu: “Ez duzue eskubiderik zuen eztabaida politikoak gure txikiei ordainarazteko”.

Eskubideak urratuko ez dituen hezkuntza eskaintza adosteko eskatu die udal talde guztiei. Adierazi duenez, guraso talde honek jakin du datorren ikasturterako bularreko haurrentzako 20 plaza eskaini nahi dituela udalak: “Horretara murriztuak izateak min egiten digu”.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!