Testa funtsaren etxebizitzen alokairuaren batez besteko igoera "hilean 60 eurokoa" izanen da

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 4a, 15:55

Inbertsio-funtsarekin hitzartutako baldintzek kontratuak 7 urterako berritzea berretsi dute, hilean batez beste 60 euroko igoerarekin, gastuak eta OHZ barne.

Foru Gobernuak bitartekaritza-lanak egitean hartutako konpromisoen eta Nafarroako Parlamentuan pasa den ostegunean onartutako araudi-aldaketaren ondoren, errentak ordaintzeko laguntza publikoak —%25, %50 edo %75, diru-sarreren arabera— jasotzen zituzten familiek azkenik laguntza horiek jasotzen jarraituko dute, eta igoerak hilean batez beste 60 eurokoak izango dira, gastuak eta OHZ barne. Gaur eman ditu jakitera gobernuak o atzo Madrilen Testa Residencial enpresarekin itxitako akordioaren baldintzak.

Prezioak tasatuak izango dira, gehienez ere 565, 600 edo 650 eurokoak, etxebizitzen azalera kontuan hartuta. Beraz, zenbatekoak hasieran enpresa jabeak jakinarazitakoak baino askoz ere baxuagoak izango dira.

7 urteko kontratua KPIren arabera eguneratuta

Aierdi kontseilariak eta Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zerbitzuko arduradunek pasa den otsailaren 18an lortu zuten lehen akordioa etxebizitza horiek eskuratu zituen inbertsio-funtsarekin. Era horretan, alokairurako gehieneko errenta-muga ezarri zen eta kontratuak beste 7 urtez berritzeko aukera —bertan egoteko arrazoizko epearekin eta urtero berritzeak egin gabe—, beste alokairu-sustapenetan gertatzen den moduan; gainera, denboraldi horretan KPIren arabera eguneratuko zen errenta. Higiezinak etxebizitza libre bezala geratzean, enpresak familiei jakinarazi zien errentak 700 eta 800 euro artekoak izango zituztela eta epemuga berriak ere bai. Beraz, baldintza horiek aldatu egin dira.

Aldi berean, Parlamentuak pasa den ostegunean egindako osoko bilkuran, Exekutiboak, Gobernuak euskarri dituen taldeen bitartez eta ekimena Ganberak onartuta, Aurrekontuen Foru Legearen artikuluen aurreko in voce zuzenketa bultzatu zuen, legea aldatze aldera, babestutako alokairuko errentariek errentak ordaintzeko diru-laguntzak jasotzen jarraitzeko eskubidea izan zezaten, baita haien etxebizitzen BOE erregimena amaitutakoan ere.

Lege-aldaketa horri esker, Nafarroako Gobernuak bere esku izango du funts jabearekin akordioa lortzeko beharrezko tresna, alokairu-errentak prezio tasatua izanik ordaintzea bermatzen baitu, baina ezinbestekoa zen zehaztea kontratuen eguneratzeetara mugatzeko, nahiz eta higiezinek babestutako etxebizitzaren kalifikazioa galdu eta, hortaz, merkatu librean egon.

Ondorioz, atzo itxitako akordioari esker, familiek haien egungo etxebizitzetan jarraitu ahal izango dute babestutako eta diruz lagundutako alokairupean. Gainera, gehieneko prezio tasatuak izango dituzte, eta igoerak KPIren araberakoak izango dira datozen 7 urtetan, urtarrilaren 1etik aurrera hasita. Beraz, efekturik gabe geratuko dira Testak orain arte bidalitako errenta-igoerei buruzko jakinarazpenak.

Banako azterketa

Behar adinako diru-sarrerak izateagatik inolako diru-laguntzarik jasotzen ez zuten familien kasuan, enpresak Gobernuaren aurrean konpromisoa hartu du banaka-banaka alokairu-errenten eguneratzeak aztertzeko, eta errenta neurrigabe igotzeagatik kontratuak inola ere ez desegitea bermatu beharko du.

Ildo horretan, akordioan onartutako konpromiso hori eta beste batzuk behar bezala betetzen direla egiaztatzeko, Gobernuak eta Testa Residencial enpresak atzo adostu zuten etxebizitza horien kontratuen egoera bakoitza aztertzea enpresako ordezkariek eta Foru Administrazioko bitartekariek osatuko duten segimendu batzordean, inolako egoera traumatikorik gerta ez dadin eta egoera zailenei estaldura emateko baliabideak aktibatu ahal izan daitezen.

Bestalde, Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak adierazi du bere eskura dituen instrumentu eta baliabide guztiak areagotuko dituela arrazoizko prezioko alokairuko etxebizitza-kopurua ahalik eta azkarren gehitzearren, baina zuzeneko sustapen publikoan, eredua aldatu eta sustapen pribatuek denboraldi baten ondoren liberalizatzen amaitu ez dezaten, edota alokairuko merkatuan etxebizitza hutsak mobilizatze aldera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!