Arrotxapeko zentro komunitarioan, Carbonilla eraikina delakoan, zaharberritze-lan handiak eginen dira aurten eraikina egungo erabilerara egokitzeko. Ziur aski, lanak apirilaren amaieran hasiko dira, Iruñeko Udalak lanak esleitu ostean; gehienez ere 106.000 euroko inbertsioa aurreikusi du Udalak. Gaur, Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeko kideek instalazioak bisitatu dituzte, eraikinaren egungo egoeraren berri izan eta bertan informazioa jasotzeko erabilera anitzeko gune horren irisgarritasuna, erosotasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko proiektatu dituzten lanei buruz.
Aurreikusitako lanak 2020ko Finantzaz bezainbatean Jasangarriak diren Inbertsioen barruan daude, eta batez ere beheko solairuan eginen dira; dena den, eraikineko beste gune batzuetan ere eginen dituzte jarduketak. Eraikinak beheko solairua eta lehenbizikoa du, eta plaza baten barruan dago, Marcelo Celayeta etorbidearen 51. zenbakian. Zehazki, eraikineko beheko solairuan dauden komunak erabat zaharberrituko dituzte. Horrez gain, aurreikusita dago kanpo-arotzeria aldatzen amaitzea. Horietako batzuk berritu arren, oraindik ere 13 leiho aldatu behar dituzte, egurrezkoak PVCzkoengatik ordeztuz. Eraikineko sarrera nagusiko atea eta esparrua inguratzen duen hesiko atea ere berrituko dituzte.
Irisgarritasun-lanei dagokienez, eraikinera sartzeko arrapala bat eraikiko dute egun dagoena ordezteko, betiere indarreko araudiarekin bat. Era berean, plataforma jasotzaile bat instalatuko dute beheko solairua eta lehenengoa lotzen dituzten eskaileretan. Lehen solairuko erabilera anitzeko guneen intsonorizazioa ere hobetuko dute.
Berritze-lan horiez gain, proiektuak barne hartzen ditu lehen solairuko barne-arotzeria guztiak eta beheko solairuko bi aldatzea, eta sistema eta kaxa elektrikoak ikuskatzea. Azkenik, zentro osoko sabaiak eta paretak pintatuko dituzte, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzukoak izan ezik, duela gutxi berritu baitituzte.
Gune partekatua
Gaur egun, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzu (EUAZ) Carbonillan dago. Zerbitzuak arreta integral eta pertsonalizatua ematen die gatazka-maila handiko haustura- eta dibortzio-prozesuetan dauden, genero-indarkeriaren biktimak diren eta prostituzioa uzteko prozesuetan ari diren Iruñeko emakumeei. Baliabide honen bitartez, Udalak aholkularitza juridikoa eta esku-hartze sozial eta psikologikoa eskaintzen ditu, eta informazioa ematen die indarkeriaren biktima diren emakumeen senideei eta inguruari.
Baina, gainera, Carbonillan dago Arrotxapeko Prebentzio Ekintza Komunitarioko zerbitzua. Batean Elkarteak ematen duen zerbitzu honek haurren eta nerabeen komunitate-babesa bultzatzea du xede, horretarako proiektuak eta jarduerak eginez modu koordinatuan auzoko eragileekin eta auzo-unitatearekin. Udalak zerbitzu hau esleitu dio 2020rako 136.220,10 euroan.
Udalaren bi zerbitzu horiez gain, bertan dago auzoko Zentro Komunitarioa. Udal-gune hori auzotarrek erabiltzekoa da, irekia, erabilera anitzekoa eta integratzailea, elkarte-bizitza sustatu eta herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzeko xedez. Gaur egun, Arrotxapeko 16 elkartek erabiltzen dute Carbonilla era egonkorrean lantegiak, hitzaldiak eta jarduerak antolatzeko. Horiez gain, lokalen erabilera eska ditzaketen bestelako elkarteei ere lagatzen zaizkie guneak unean-unean, betiere ezarritako ordutegian: astelehenetik ostegunera, igandeetan eta jaiegunetan, 08:00etatik 22:00etara; eta ostiral, larunbat eta jaiegun-bezperetan 08:00etatik 24:00etara.
Lanek iraun bitartean, Prebentzio Ekintzako zerbitzuko bulegoak Joaquín Beunza kaleko 33.ean dauden Arrotxapeko zentro komunitarioaren bi lokaletara lekualdatuko dituzte, eta haur-jarduerak Juslarrocha Civivoxean eginen dira. Carbonillara joaten diren gainerako kolektiboek Juslarrochako guneak erabiltzeko aukera izanen dute, baita inguruko beste zentro komunitario batzuetakoak ere, Hego Buztintxurikoak kasurako, Santa Luzia pasealekuko 60.ean.
Auzoko elkarteak
Aldi baterako lekualdaketa horrez gain, Carbonillako guneen eta gainerako zentro komunitarioen erabiltzaile egonkor izan nahi duten entitateek martxoaren 18a baino lehen eska dezakete. Horretarako, eskabide bat bete behar dute, bai eta honako agiri hauek aurkeztu ere: elkartearen nortasun juridikoa egiaztatzekoak, estatutuak, Herritarren entitateen udal-erroldan izena eman izanaren gaineko ziurtagiriak eta memoria bat, azaltzeko zer jarduera eta erabilera egin nahi dituzten zentro komunitarioan. Interesa duten elkarteek izapideen inguruko informazio gehiago eska dezakete 948 420 510 telefonora deituta eta centroscomunitarios@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez.
Carbonillaz gain, gaur egun hiriak beste hamar zentro komunitario ditu auzoetan. Herritarren Aferen Batzordeak aurreikusita dauka zentro guztiak bisitatzea haien funtzionamendu eta egoeraren berri izateko. Dagoeneko Azpilagaña, Milagrosa eta Alde Zaharrekoa ezagutu dituzte, eta orain, Arrotxapekoa.