Langile transexual batek lantokian diskriminazioa pairatu duela salatu du

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 28a, 13:39

Langileak trantsizio publikoko prozesua hasi zuen orain dela sei hilabete, eta lantokian kontatzerakoan, askotariko erasoak jasan zituen: irainak, burlak, pintaketak... Orain, langabezian dago. Sindikatuetatik halako arazoak jorratzeko eskatu du. 

LAB sindikatuak inkesta bat egin du Nafarroako sektore pribatu eta publikoko hainbat lantokitan, lan munduan LGTBIQ+ pertsonen eskubideak betetzen ote diren jakiteko, eta prozesu horretan diskriminazio kasu bat ezagutu dute. Gaur eman dute horren berri, inkestaren emaitzak ezagutarazteko prentsaurrekoan.

Lier Imaz LABeko LGTBIQ+ lantaldeko kidea da erasoa jasan duena, eta berak eman du horren berri. Transexuala da, eta orain dela sei hilabete hasi zuen trantsizio publikoa. Hasieran lantokian ezkutatu zuen, beldurra zuelako. “Neure burua sentitzen duen identitatearekin bizitzen hastean, nire beldur handienetako bat izan zen hori lantokian komunikatzea. Horregatik, denbora batez bizitza bikoitza bizi izan nuen lanaldiko zortzi orduetan, harik eta niretzat jasanezina bihurtu zen arte”, kontatu du.

Orduan, kontatzea erabaki zuen. Langile batzordearen babesa jaso zuela kontatu du, eta asko lagundu ziotela. Baina laster erasoak jasaten hasi zen. “Berria zabalduz joan zen, eta behin baino gehiagotan jasan nituen mota askotako erasoak: hitzezko erasoak eta burlak, gizonezkoen komunean pintaketak edo arropak aldageletatik botatzea. Hori guztia ikusmin eta deserosotasun giroarekin batera, eta horrek antsietate handia sortzen dit”. Azpimarratu du halakoak egiten zituztenak gutxiengoa zirela, eta beste batzuengandik “maitatua eta babestua” sentitzen zela. “Baina gutxiengoa izateak ez du esan nahi halakorik jasan behar dugunik. Ez, inolaz ere ez”.  

Egoerak gainezka eginda, lan hori uztea erabaki zuen, eta hortik aurrera oztopoak izan ditu lana aurkitzeko. Besteak beste, bere ikasketen tituluetan izena ez datorrelako bat bere oraingo izenarekin, eta, era berean, izena aldatu arren, nortasun agirian oraindik ezin izan duelako generoa aldatu.

Lan bat topatu zuela kontatu du, baina bota egin zutela nagusiei ebakuntza bat egin behar zuela eta denbora bat bajan egongo zela esan zienean. Orain, langabezian dago. Salatu du, tamalez, pertsona transexual askok pairatzen diuztela halako egoerak: “Pertsona trans bat gehiago naiz langabezian, baina hainbeste gara, ezen portzentajeak berdina izaten jarraitzen du”.

Pertsona transexualak laneko diskriminazio bortitza jasaten dutela salatu du Imazek. “Urte luzez, lan merkatua itxita egon da pertsona hauentzat, eta horrek eragin du pertsona hauek gizarte bazterketako muturreko egoeretan egon izana. Beste batzuk, berriz, lan bati eusteko beharrak beren nortasuna ukatzera behartu ditu”.

Hori dela eta, “ezinbestekotzat” jo du sindikatuen ikuspegitik halako egoerak jorratzea, eta lan espazio “seguruen” aldeko apustua egitea, aniztasuna balore positibo eta aberasgarri gisa hartzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!