Ane Labaka eta Beatriz Egizabal aktore eta bertsolariek abiatuko dute zikloa, heldu den asteazkenean, ‘Erradikalak ginen’ ikuskizunarekin. Antzezlanean, bertsoa eta bakarrizketa uztartuta, kolokan jarriko dituzte zenbait etiketa, hala nola zahartzapena, beldurra, merkatu patriarkala, sexualitatea, indarkeria eta gorputzaren aldaketak.
Martxoaren 4an, Intujai Teatro konpainiako Bea Larrañaga eta Itziar Saenz de Ojer arituko dira. ‘AMA-ALU-LUR sorgin baten ametsak’ antzezlana ekarriko dute Iruñera, Donostia Kultura 2019ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza Saria. Bi espeleologo-arkeologo, Espe eta Leo, dira ikuskizunaren protagonistak, eta harrituko dituen irudi bat aurkituko dute Paleolito garaiko kobazulo batean.
Ion Martinez Esnaolak, ‘Txiki’ ezizenekoak, gidatuko gaitu martxoaren 11ko ikuskizunean barna. ‘40 urte eta aldapan behera niek!’ izenburuaz, bakarrizketari honek belaunaldi osoko ezaugarriak aztertuko ditu, hain gazte ez diren gazteek osatutako belaunaldi batenak hain zuzen, jada 40etan sartu direnena: Goenkalerekin batera hazi dira, ez dituzte jada ezagutzen gaueko hit-ak, utzi diote poteatzera ateratzeari eta arratsaldea kafe bat hartzen ematen dute auzoko kafetegi batean. Bitxikeriak eta errealitateak, irri bat baino gehiagoren eragile, ikusleak barre algaraka jarriko dituztenak.
Hiru antzezlan bakar batean
Pez Limbo konpainiak berriz ere parte hartuko du ziklo honetan, aurreko edizioan ikuskizun bat taularatu eta gero. Gasteizko konpainia honek kritikoki begiratzen dio errealitateari, umore, garraztasun eta poesiaren ikuspegitik. Iaz, ‘Oxido umore garratza’ ikuskizuna ekarri zuen Iruñera, eta martxoaren 18an bueltan egonen da ‘Koxkak’ lanarekin. Agertokian, hiru istorio desberdin, ezohiko hiru egoera, eta hiru korapilo. Antzezlanak hiru pieza labur biltzen ditu, umorez beterikoak. Batetik, Raúl Caminok eta Begoña Martín Treviñok ‘Tripaki salda. Umore traidore xerra bat’ antzeztuko dute. Bestetik, Josune Velez de Mendizabalek eta Aitor Pérezek ‘Oilo ama. Ernaldiko umore nahasia’ piezan barna eginen dute. Eta, azkenik, Raúl Caminok eta Aitor Pérezek ‘Boxers. Umore txakurra’ izenburukoari helduko diote.
Eta umore-zikloari amaiera bikaina emanez, Asier Hernándezek eta Dorleta Urretabizkaiak ‘Gudua’ ikuskizuna antzeztuko dute martxoaren 25ean. Agertokian alargun geratu berri den emakume desesperatu baten bizitza helaraziko digute: guru batengana joko du hil berri den senarrarekin harremanetan jartzeko. Guruak, alargunaren asmoak betetzetik urrun, protagonistarekin konpondu gabeko kontuak dituzten pertsona guztiekin harremanetan jartzea lortuko du, ez besterik, eta bide emanen die ustekabeko egoera askori.
Ikuskizunen batera joateko interesa dutenek Nafarroako Antzerki Eskolan bertan eros ditzakete sarrerak. Saio guztiak asteazkenean izanen dira, 20:00etan.
IrriZiklo: Otsailak 26 – martxoak 25. Nafarroako Antzerki Eskola. 20:00.
Sarrera: 3 euro. Abonamendua: 10 euro
- Otsailak 26, asteazkena
Erradikalak ginen. Ane Labaka eta Beatriz Egizabal
- Martxoak 4, asteazkena
AMA-ALU-LUR sorgin baten ametsak. Bea Larrañaga eta Itziar Saenz de Ojer (Intujai Teatro)
- Martxoak 11, asteazkena
40 urte eta aldapan behera niek! Ion Martinez Esnaola “Txiki”
- Martxoak 18, asteazkena
Koxkak. Pez Limbo
- Martxoak 25, asteazkena
Gudua. Asier Hernández eta Dorleta Urretabizkaia