Punto de Vista jaialdirako sarrerak eros daitezke jada ohiko bideetatik. Gaurtik aurrera, Baluarteko txartel leihatilan eta www.puntodevistafestival.com helbidean eros daitezke, eta jaialdia ospatu bitartean Punto de Vista jaialdiak Baluarteko atarian izango duen txartel leihatila batean ere eskuratu ahal izango dira. Emanaldietako sarrerek 3 euro balioko dute, planetarioko saioetarakoek izan ezik; azken horiek 5 euro balioko dute. Civivox Condestablen egingo diren X FILMS X saioak doakoak izango dira, 12:00ak baino lehen gonbidapenak jasota.
Otsailaren 29an, 12:00etan, haurrentzako saio bat egingo da Iruñeko Planetarioan. Emanaldi horretarako sarrerak eros daitezke jada Planetarioan nahiz www.puntodevistafestival.com webgunean. Azkenik, martxoaren 5ean (osteguna) Nafarroako Filmotekan egingo den Tacita Deanen saiorako sarrerak eta martxoaren 6an (ostirala) Iruñeko Planetarioan egingo den Carlos Casasen saiorako sarrerak Baluarten eta jaialdiaren webgunean eskura daitezke.
Punto de Vista jaialdiaren programazioak zazpi atal handi izango ditu: Sail Ofiziala, munduko herrialde askotatik izena eman zuten 1.000 film baino gehiagoren artetik aukeratutako filmak izango dituena; atzera begiradak, Anne Charlotte Robertsonen monografiko batekin, Ute Aurand, Helga Fanderl, Renate Sami zinemagile alemaniarrei eta Jeannette Muñoz txiletarrari buruzko ziklo batekin, eta An Oceanic Feeling gaiarekin; DOKBIZIA, diziplina desberdinetako artistak bilduko dituen topagunea, benetakoa denarekin erlazionatzeko duten modua trukatzeko; Punto de Vista Labs, ezagutzak trukatzeko eta sorkuntza kolektiborako espazioa; foku garaikideak, Punto de Vistak nazioarteko zinemagile garrantzitsuenetako batzuetan arreta jartzeko saio monografikoak; saio bereziak, hainbat programarekin (X Films, Paisaia –Euskadiko eta Nafarroako zinemagileen topaketa– edo Barbara Hammerri omenaldia); eta, azkenik, hezkuntza programa, hazi egin dena jaialdia publiko berriei helarazteko asmoz.