Gobernuak Iruñeko kartzelara zabaldu du sexu erasotzaileentzako terapia psikologikoa

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 20a, 19:11

Berritasuna da biktimen arreta psikologikorako eta terapeutikorako kontratu berrian, eta tratu txarrak ematen dituztenentzako zein sexu-erasotzaileentzako terapiarako, 2,4 milioi euroko inbertsioarekin.

Nafarroako Gobernuak, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren bidez, delituen zuzeneko eta zeharkako biktimentzako larrialdiko laguntza psikologiko eta terapeutikoko zerbitzuen kontratua esleitu du, bai eta banakako  zein taldeko terapia-programak   familia-eremuko tratu txarrak ematen dituztenekin  eta sexu-erasotzaileekin. Esleipen horren berritasun gisa, Iruñeko espetxeko sexu-erasotzaileentzako programen hedapena sartzen da, bai Espetxe Erakundeetatik bai Espetxe Zaintzako Epaitegitik helarazitako eskariari erantzunez.

Esleipendunarekin (PSIMAE, Psikologia Juridikoaren eta Forentsearen Institutua, SLP) orain sinaturiko kontratua 2024. urtera bitarte indarrean izango da, eta, horretarako, 2,4 milioi euroko (BEZa salbuetsita) inbertsioa egingo da. Kontratatutako zerbitzuan, biktimen arreta psikologikorako alderdi ezberdinak sartzen dira, eta arreta berezia eskainiko zaie adin txikikoei. Halaber, delitu ezberdinen egileentzako terapiak aurkitzen dira, tartean banako eta taldeko terapia-programak familia-eremuan tratu txarrak egin dituztenentzat zein sexu-erasotzaileentzat. Terapia horiek zigortutakoei aplikatuko zaizkie erregimen anbulatorioan nahiz espetxean.

Larrialdiko Arreta Psikologikoa eta delituen biktimentzako terapia

Delituen biktimentzako Larrialdiko Arreta Psikologikorako kontratatutako lanei dagokienean, zerbitzua 24 ordukoa izango da urteko 365 egunetan, eta arreta biktima dagoen lekuan eman beharko da. Guardiako psikologoekin 112 SOS Nafarroaren bitartez jarriko dira harremanetan.

Sinaturiko kontratuan, baldintza ezberdinak hitzartu dira; hala nola, delitu oso larrien aurrean esku hartzeko bi pertsona joatea (“erailketak, homizidioak edo eraso larriak kaltetu ugariekin”).

Horrez gain, delituen biktimentzako (helduak nahiz adingabeak) banako eta taldeko Terapia Programak aurkitzen dira, “bizi izandako gertaera traumatikoaren ondorioz biktimak izan ditzakeen ondorio emozionalak eta kalte psikikoa gainditzeko”. Terapiak bi urtekoak izan daitezke egoera arruntetan, baina hiru urtez luzatzeko aukera ere egongo da.

Halaber, prozesu judizialeko laguntza eta akonpainamendua sartzen dira zerbitzuan, edota txostenak egitea biktimak berak nahiz Auzitegiak edo bestelako erakunde publikoek hala eskatuta.

Terapia tratu txarrak eman dituztenekin eta sexu-erasotzaileekin

Delitu-egileentzako programei dagokienean, sinaturiko kontratua familia-eremuko tratu txarren egileekin eta sexu-erasotzaileekin, adinekoekin nahiz adingabeekin, erregimen anbulatorioan edota espetxean lantzeko terapiari buruzkoa da. Programak lau fasera bitartekoak dira (hiru taldeko terapia beharrezkotzat jotzen ez bada), eta 3, 6 eta 12 hilabetera amaitutako kasuen segimendua egiten da.

Programak erregimen anbulatorioan burutzen dira epai judizialarekin, eta espetxean borondatez jotzen dute horietara. Halaber, programan sartu ahal izango da “erakunde publikoen (gizarte-zerbitzuak eta osasun-zerbitzuak) edo profesionalen (letratuak, psikologoak) bidez, horretara bideratzeko txostena aurrez izanda, erabiltzailea terapia egiteko kasua bada”, sinaturiko kontratuan hitzartutakoaren arabera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!