2020ko sanferminetako kartel-lehiaketa guztiz digitala eta on line izanen da

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 20a, 18:43

Egile edo kolektibo artistiko bakoitzak kartel bat aurkezten ahalko du; eta jatorrizkoa, argitaratu gabea eta teknika librekoa izan behar du.

Munduko edozein bazterretatik egin daiteke, nahikoa da hala gaztelaniaz nola euskaraz eta ingelesez eskuragarri dagoen formulario digital bat on line erabiltzea eta jatorrizko lana erresoluzio baxuko jpg artxibo batean atxikitzea. Hori dena www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez egin behar da. Hartara, beste aurrerapauso bat eman du Sanferminetako Kartelen lehiaketak digitalizaziorantz, aurtengo ediziorako onetsiko diren oinarri berrietan beste berritasun batzuekin batera jasota dagoenaren arabera.

Berritasunen artean dago, esaterako, bateraezintasuna luzatu dela; izan ere, orain lehenbiziko aurre-hautaketan aukeratutako 20 kartelak ezin dira berriz ere aurkeztu, eta lehen hori gertatzen zen bakarrik bigarren hautaketan aukeratutako 8 kartelen kasuan; beste berritasun bat da Udalak beretzat gordetzen duela akats ortotipografikoak zuzentzeko aukera. Berritasun horiek, hain zuzen, egileen parte-hartzea erraztea dute xede 2008. urtetik formatu honekin deitzen den lehiaketa honetan.

Digitala, bai, baina bakarrik on line

Aurten, berriz ere, egile edo kolektibo artistiko bakoitzak bakarrik kartel bat aurkezten ahalko du, eta horrek jatorrizkoa, argitaratu gabea eta teknika librekoa izan behar du. Ezin izanen dute parte hartu aurreko edizioetan finalista geratu diren obrek; oinarriek zehazten dutenaren arabera halakotzat jotzen dira aurreko edizioetan hogei obra hautatuen arteko edozein. Izan ere, 20 horiek jendeak, oro har, ezagutzen ditu, urtero egiten baita erakusketa bat hautatzen diren 20 lanekin.

2018. urtean, jada, kendu zuten kartela bukaturik aurkezteko baldintza eta horren ordez, zirriborro digital bat aurkeztu behar da sormen-proiektuaren azalpenarekin batera (biak USB batean grabaturik); hori horrela, bakarrik hautatutako 20 kartelak egiten ziren erakusteko formatuan, eta iaztik Udalak ordaintzen du horren kostua. Orain oinarrietan jasota dagoenarekin bat, on line prozedura berrian, egileek formulario bat bete behar dute, gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez www.pamplonaescultura.es webgunearen hasierako-orriaren bidez, eta obraren irudi bat txertatu JPG formatuko artxibo batean, 2 MB-ko gehieneko pisuaz.

Zehazki, kartelaren neurriek 820 x 1171 pixel izan behar dute, eta erresoluzioak, 72 pixel/hazbete. Ohi bezala, kartelaren konfigurazioak bertikala izan behar du, eta formatuak, 1000 mm x 700 mm-koa. Jatorrizko lanak honako testua eduki behar du: “Pamplona / Iruña. San Fermín 2020. 6 al 14 de julio /Uztailaren 6tik 14ra”. Gune digital horretan, kartela labur deskribatzeko aukera dago, gehienez ere 200 karaktereko testuaz, eta teorikoki azaltzen ahalko dira hala kontzeptua nola haren osagaiak (konposizioa, koloreak, tipografia eta sinbologia).

Formularioan, halaber, identifikazio-datuak, jatorria eta abar eman behar dira, bai eta parte-hartzailearen curriculum profesionala laburki aurkeztu ere (gehienez 800 karaktere). Izen-ematea mezu elektronikoen bidez osatuko da; izan ere, sistemak automatikoki igorriko dio interesdunari formularioaren datuen laburpena, hark digitalki baliozkotu dezan, eta, horrela, haren parte-hartzea berresteko (aurrez aurkeztutako kartelaren lemarekin, identifikazio-agiriarekin eta lehiaketan erreferentziazko izanen duen plika-zenbakiarekin batera). Azken jakinarazpen hori izanen da lehiaketan parte hartzeko egiaztagiria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!