Leire Urbeltzek irekieraren estetika eramanen du Ziudadelara, bihar

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 17a, 17:12

Aste honetan amaituko da Garaikide euskarazko arte-adierazpenaren erakustaldia. Ostegunean, Nerea Erbiti eta Eskola Ergatiboa ariko dira, Mendillorriko Civivoxean.

Garaikide euskarazko adierazpen artistiko garaikideko erakustaldiari amaiera emateko, bi hitzordu izanen ditugu aste honetan: asteartean Ziudadelako Mistoen eraikinean, eta ostegunean Mendillorriko Civivoxean. “Irekieraren estetika: mugak lausotuz” da Leire Urbeltzek asteartean aurkeztuko duen arte-bitartekaritzako proiektuaren izenburua. Ostegunean, berriz, Nerea Erbitiren eta haren lantaldearen musika, erritmo- eta soinu-ikerkuntza eta inprobisazioa izanen ditugu. Bi ikuskizunetarako sarrera librea da.

Leire Urbeltz artista eta hezitzaile nafarrak Iturrama Institutuko ikasle talde batekin garatu du “Irekieraren estetika: mugak lausotuz” arte-bitartekaritzako proiektua, Iruñeko Ziudadelan. Haien erronka entzunezko gida berreraikitzailea sortzea izan da, testuingurua aztertuz, mapa irakurriz eta birsotuz, tokiko historiaren ezagutuz eta arte garaikideak erabiltzen dituen hainbat metodologia erabiliz. Ziudadelaren mugak lausotuz, gotorlekua askotariko ikuspuntuetatik ikusarazi, sentiarazi eta gozaraztea du xede. Hitzordua bihar, asteartean, 18:00etan Mistoen eraikinean.

Leire Urbeltz Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, Ilustrazio Sortzailea eta Ikusizko Komunikazio Teknikak graduondokoa egina dauka EINA Eskolan  (Bartzelona),  Madrilgo Matadero eskolako haurrendako Album ilustratuen masterduna da eta EHUko Arte Ikerkuntza eta Sorkuntzako masterduna ere. Banakako eta taldeko erakusketak egin ditu eta zenbait libururen argitalpenean parte hartu du ilustratzaile gisa. Urbeltzek lan artistikoa eta arte-hezkuntza uztartu ditu. 

Ostegunean, Nerea Erbiti & Eskola Ergatiboak Garaikide erakustaldiari buru emanen dio  Mendillorriko Civivoxeko ekitaldi-aretoan, 19:30ean. Nerea Erbiti eta haren lantaldea kantu herrikoi berezko eta atenporal baten bila ari dira, musika tradizionala abiapuntu harturik eta talde-inprobisazioa eta NeoSoula tresna dituztela. Zuzenekoan, hiriko basahaideak, dantzarako groove-jauziak, inprobisazio askea, euskarazko 70’s pop sampleak... entzun ahal izanen dira, urrats bat harago emanez iaz Lurpekariak taldearekin argitaratutako “Itsasotik Iturrira” diskoaren bidean. Nerea Erbitirekin batera arituko dira taula gainean Ion Celestino, Amaia Izarzuaga, Oihan Iliarj-Ines eta Juanma Urriza. Sarrera librea da, gonbidapena hartuta emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!