Funts putre batek Iruñeko 160 etxebizitza sozial erosi du, eta bertan bizi diren familiak kalean utz ditzake

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 13a, 08:13

Kezka zabaldu da Arrotxapeko eta Sanduzelaiko hainbat etxeetan, kalean geratu baitaitezke datozen asteetan. Alokairu sozialeko etxeetan bizi dira baina jabeak, funts putre bati saldu dizkio orain. 800 euroko alokairu igoera salatu dute kaltetuek. EH Bilduk 160 familia hauen egoeraz eta etorkizunaz galdetu dio Iruñeko Udalari.

Marcelo Celayetan 12 atari daude, Sanduzelain beste bost, eta, kaltetuek eurek atzo nabarmendu zutenez, kasu gehiago daude Buztintxurin eta Ezkaban. Egoera lazgarria da, martxoaren 31n bukatzen baitzaie kontratua nora joan ez duten hainbat familiari. Alokairu babestuak izateari uztean Nafarroako Gobernutik jasotzen zituzten diru-laguntzen amaierarekin bat egiten duen alokairuen igoera pairatzen ari dira. Testa Residencial funts inbertitzaileak eraikin horiek erosi ondoren gertatu da aldaketa. Sarrera hori ez da kasualitatea, eraikin horien deskalifikazioarekin bat baitator. 20 urtez alokairu sozialera bideratzera behartuta baitzeuden etxebizitza jabeek, bankuak kasu gehienetan. Urte honetatik aurrera, ordea, kalifikazioa amaitzen zaie, eta saltzeko edo alokatzeko merkatu askatasuna dute. Funts putreak zelatan izaten dira horrelakoetan eta negozioa egiteko etxebizitza hauek erosten dituzte.

Atzo, Hirigintza Batzordean, Endika Alonso EH Bilduko zinegotziak Juan Jose Echeverría Etxebizitzako zinegotzi ordezkariari egindako galdera baten ondoren eman zuten gaiaren berri. Galdera horretan, Sanduzelai eta Marcelo Celayeta kaleko egoiliarren babesgabetasun-egoera aipatu zuten. Esan zuenez, alarma zabaldu egin da bi auzoetan, funts putreak etxebizitza babestuak erosi dituela jakitean; izan ere, egoiliarrentzat arrisku nabaria dago alokairuaren prezioaren igoera baten aurrean aurki daitezkeela eta ezingo dutela beren gain hartu. Horren inguruan komentatu zuen kaltetutako maizterretako asko baliabide gutxiko familiak direla, pentsiodunak edo orain arte alokairuei aurre egin ziezaieketen ezintasunen bat duten pertsonak, Nafarroako Gobernutik jasotzen zituzten diru laguntzei esker, baina jada ezingo dituztela aipatutako laguntzak eskuratu. Txantrean hirugarren eraikin bat egon daitekeela aipatu zuen EH Bilduko zinegotziak, eta Udalak kasu gehiagoren berri ba ote zuen galdetu zuen. Azkenik, gogorarazi zuen Iruñea aurreko legealdian etxegabetzerik gabeko hiri izendatu zutela, eta, arlo horretako eskumenen mugapena bere gain hartu bazuen ere, Udalak gaiarekiko interesa agertu beharra planteatu zuen.

Sanduzelaiko bizilagunek atzo salatu zutenez, '' etxezain '' berria dute Testa Residencial funtsa. 94 etxebizitza dituzten 5 atari dira. Kasu gehienetan errenten igoera 850 euro baino gehiagora arte, hiru logelako pisuen kasuan, onartezina da gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonentzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!