Itxuren azpiko dardara antzemateko euskarazko ibilaldia, bihar, Ziudadelan

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 10a, 18:57

Izen-ematea doakoa da, 010 edo 948420100 telefonoetara deituta.

Garakide 2020 euskarazko adierazpen artistiko garaikideko erakusketak ibilaldi bat proposatzen du Ziudadelan barna, itxuren azpian dagoen dardarari antzemateko, bai eta eta Iñigo Astiz eta Mikel Ayerbe protagonista dituen arte eszenikoetako ikuskizuna ere. Otsailaren 4an abiatu zen zikloa eta otsailaren 20ra arte iraunen du; sei ikuskizun programatu dira eta hamar artista baino gehiagok aurkeztuko dituzte euren proiektu berriak.

Natura eta Dardara du izenburu Idoia Zabaletak astearterako, otsailaren 11rako prestatu duen ekintzak. 18:00etan izanen da hitzordua. ‘Site-especific’ motako esku-hartze mekanismo bat da, Ziudadelako Mistoen eraikinetik abiatuz errealitatera ibilaldi-bisitaldi pausatu bat proposatzen duena, antzerkia, gorputza, pentsamendua eta zinema direla tresna. Pieza hau soinu-paseoa da: ikusleei errealitateari antzemateko halako pertzepzio-jolas bat proposatzen die, behaketatik eta entzungailuen bitartez aditzen dutenetik abiatuta.

70 minutu inguru iraunen duen ibilbideak zentzumenak zorroztera gonbidatzen du, itxuren azpian dagoen dardarari antzematera. Proposamen bat, Ziudadelako parkean paseoan ibiltzeko; gonbit bat, aditu, begiratu eta filosofatzeko. Ekintza honetarako lekuak mugatuak dira, horregatik aurrez izena eman behar da 010 edo 948 420 100 telefonoetara deituz.

Xedea da hausnartu eta kolokan jartzea zein lausoguneren bitartez birsortzen eta biderkatzen diren bisibilitatea nahiz irudikapena, eta kontsumitzen den informazioa eta esperientzia gaur egun.  Proiektu honen egileen arabera lausogune opakuak dira, trinkoak, haien atzean bizitza imajinatzea bera ukatzen dutenak. Ikuskizunak beste errealitate bat argitu nahi du, ikuslearengan hautemateko beste aukera batzuk esnarazi, beste modu batez begiratu, deszifratu eta ulertzera eramateko. Ibilbidean zehar geldialdiak eginen dira aurrez zehaztutako kanpoko naiz barneko zenbait gunetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!