'Energia: guzti-guztiaren jatorria eta amaiera' erakusketa Civicanen egongo da ikusgai martxoaren 28ra arte

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 6a, 13:04
Argazkia: Laboratorium Museoa
  • Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa Fundazioak antolatu dute, eta Javier Tejada Bartzelonako Unibertsitateko Fisika Fakultateko katedradun emerituak komisariatu du.
  • Erakusketak energia motak, eskuragarri diren erregaien erabilerak eta energiaren etorkizuna azaltzen ditu. 

Energia: guzti-guztiaren jatorria eta amaiera erakusketak, gogoeta egiten du energiak egungo gizartean duen garrantziaz eta gero eta bizi maila handiago bati eusteko planetaren baliabideen bilakaeraz. Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa Fundazioak antolatu dute, eta Civicanen egongo da ikusgai, martxoaren 28ra bitarte.

Erakusketa, jatorriz, Bergarako Laboratorium Museoan antolatu zuten, iazko urtarrilean, ikusi baitzuten energiaren gaiak kezka eragiten duela gizartean, eta Javier Tejada Bartzelonako Unibertsitateko Fisika Fakultateko katedradun emerituak komisariatu zuen.

Erakusketan energia motak, eskuragarri diren erregaien erabilerak eta energiaren etorkizuna azaltzen duten hainbat bloke ikus daitezke, hiru ataletan antolaturik: Unibertsoa eta gizadia, Ingurune energetikoak, eta Erregaiak eta energia sorkuntza.

Erakusketa osatzeko, Periferiak izeneko hitzaldi zikloa antolatu dute. Lehenengo saioa gaur bertan izango da, arratsaldeko 19:00etan; Javier Tejada handituz doan energia kontsumoaz eta energia berriztagarrien garrantziaz mintzatuko da. Beste bi mintzaldiak hilaren 27an eta martxoaren 12an izango dira, eta mintzalariak, Javier Etxeberria filosofo eta Ikerbasqueko ikerlaria eta Oihana Otaegi, ingeniaria eta EHUko irakaslea.

Goizetan, ikastetxeetarako nahiz gizarte entitateetarako bisita gidatuak egingo dituzte, eta arratsaldeetan, berriz, erakusketa publiko orokorrarentzat egongo da zabalik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!