Paris 365en elikadura zerbitzuak aurrera jarraituko du, "elkartasunari esker"

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 4a, 13:21
  • Urte amaieran adierazi zuten jantoki soziala zabalik mantentzeko 100.000 euroko gutxieneko ekarpena behar zutela, eta bikoiztu egin dute kopuru hori: 234.850 euro jaso dituzte.
  • Hala ere, cateringa itxi egin dute, lanpostuak murriztu dituzte eta etxebizitzen baliabidea beste entitate sozial baten esku utziko dute. 

Joan den abenduan urgentziazko laguntza deia egin ondoren, Paris 365 fundazioak eskerrak emateko agerraldia egin du gaur. Urte amaieran adierazi zuten jantoki soziala zabalik mantentzeko 100.000 euroko gutxieneko ekarpena behar zutela aurtengo otsaila baino lehen, eta bikoiztu egin dute kopuru hori: 234.850 euro jaso dituzte. Diru horrekin, elikadura baliabide guztiekin aurrera jarraitzea lortu dutela jakinarazi dute; alegia, jantokia, despentsa eta zopa beroa mantenduko dituzte.

Oinarrizko zerbitzuei eusteko jasotako ekarpenengatik eskerrak eman nahi izan dizkiote gizarteari. Nafarroako askotariko enpresa, fundazio, elkarte eta taldeek emandako babesa nabarmendu dute, baina, ororen gainetik, herritarrek emandako laguntza azpimarratu dute, herritar anonimoek egin baitituzte ekarpen guztien %65. Diru bilketa “ikaragarria” izan dela esan du Patxi Lasa fundazioko zuzendariak.

Hala eta guztiz ere, zenbait zerbitzu bertan behera utzi behar izan dituzte. Batetik, cateringa itxi egin dute, eta dagoeneko jantokiko sukaldeetan bertan ari dira janaria prestatzen; baina ziurtatu dute aldaketa arazorik gabe gauzatu dutela. Bestalde, administrazioa eta kudeaketako lanpostuen %40 murriztu dituzte. Eta, azkenik, otsail amaierarako 24 etxebizitzen baliabidea itxiko dute; baina, esan dutenez, etxebizitzak beste entitate sozial baten esku geratuko dira. Neurri horiekin, 150.000 euro aurreztea aurreikusten dute.

Aurrera begira, bi helburu finkatu dituzte: Garabato haur eta gurasoentzako ikasketa komunitatea zabalik mantentzea eta eguneroko gastuak eta sarrerak bateratzea. Helburu horiek lortzeko, bazkide gehiago beharko dituztela nabarmendu dute. Zehazki, bi urteko epean mila bazkidera iristeko helburua jarri dute.  

Azkenik, jakinarazi dute Paris 365eko kideek Iruñeko Udalarekin elkarrizketak izan dituztela, udal jantokiko zerbitzua osatzeko lankidetza itun bat sinatzeko, eta halaber, Nafarroako Gobernuko zenbait departamenturekin nahiz parlamentuko eskubide sozialetako batzordearekin ere solastatu direla, “inplikazio handiagoa” eskatzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!