San Nikolasen 21 postu jarriko dituzte gaur, San Blas eguna ospatzeko

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 3a, 07:59

19:30ean soka-dantza izanen da gozagai, Duguna taldearen eskutik

Gozokiak eta erroskoak Iruñeko karriketara itzuliko dira gaur, San San Blas eguneko ospakizunen eskutik. Urtero bezala, otsailaren 3an, gozoki tradizionalen azoka txikia egingo dute San Nikolas plazan. Aurten, erroskoak, pastak zein gozokiak saltzeko 21 postu jartzeko baimena eman du Udalak. Azoka txikia Sarasate pasealekutik San Migel kalerantz zabalduko dute, elizako arkupeak inguratuz, eta plazan bertan. 09: 00etatik 21:00etara izanen da zabalik.

Azoka txikian erroskoak, opilak, pastak eta gozokiak aurkitu ahal izanen dira, betiere esne-gainik eta pastel-kremarik gabe, bi produktu horiek saltzea debekatuta baitago eremu horretan, ogia saltzea bezalaxe.

Elikagaien segurtasun eta higiene arrazoiak direla eta, produktuak babestuta egon beharko dira, eta jendearen irispidetik kanpo, beira-arasak jarriz, hala badagokio, behar bezala bilduta, eta lehentasunezko kontsumo-datak errespetatuz.

Zirkulazioa goizeko lehen ordutik egongo da indarrean, postuak jartzen hasten diren unetik. Hala ere, behin beren lekuan jarrita, postuek tarte bat utzi beharko dute galtzadan, larrialdietako eta garbiketako ibilgailuei pasatzen uzteko. Inguru horretan sortuko den hondakin gehikuntzari aurre egiteko, bilketa zerbitzua eta jarritako edukiontzi kopurua indartuko dituzte.

Udal korporazioaren zati batek, Enrique Maia Iruñeko alkatea buru duela, 09: 50ean plazan zehar eginen duten prozesioan parte hartuko du, baita ondorengo mezara ere, San Nikolas parrokian, 10: 00etan.

Soka dantza arratsaldean

San Nikolas txokoan soka dantza interpretatuko duen Duguna-Iruñeko dantzariak udal dantza taldeak emango dio amaiera jardunaldiari. Hitzordua 19: 30ean izango da. Koreografia tradizionala da, Erdi Aroaren amaieratik Europako hego-ekialdean dantzatzen diren kate-dantzak, branleak eta farandolak biltzen dituena. Eskualdeko bilakaerak tokiko tradizio koreografikoak ekarri ditu, hala nola soka-dantza hau, Nafarroan eta Euskal Herrian XVI. mendetik dantzatu dena. Iruñean urtean bitan baino ez dago dantza hori ikusteko aukera. Bata, orain San Blasen. Eta beste bat San Joan jaiak direla eta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!