Navarra Sumak haur eskoletako euskarazko eskaintza murriztuko du

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 27a, 13:46

Donibaneko haur eskolan eta Printzearen Harresian euskarazko eredua kendu eta gaztelaniazkoa ezarriko dute berriz ere. Goiz Ederren, berriz, plazen erdia kendu eta gaztelania eta ingelesekoak ezarriko dituzte.

Aurreikusi zitekeen moduan, Enrique Maia alkateak atzera botako ditu aurreko legegintzaldian udalak Iruñeko haur eskoletan egindako aldaketak, eta murriztu egingo du horietako euskarazko eskaintza. 2016tik lau haur eskolatan eskaintzen zen euskarazko aukera: Donibanekoan, Arrosadiko Printzearen Harresian, Arrotxapeko Goiz Ederren eta Txantreako Izartegin. Horren aurretik, ordea, bi haur eskolek bakarrik eskaintzen zuten eredu hori, eta biak Txantrean zeuden.

Bada, Enrique Maiak atzera egin nahi izan du, eta datozen ikasturteetan Donibaneko haur eskolan eta Printzearen Harresian euskarazko eredua kendu eta gaztelaniazkoa ezarriko dute berriz ere. Goiz Ederren, berriz, plazen erdia kendu eta gaztelania eta ingelesekoak ezarriko dituzte.

EH Bilduk pasa den legegintzaldian ezarritako eredua “bidegabekeria” bat izan zela adierazi du Maiak, eta aldaketa horiekin, “normaltasuna” itzuliko dutela Iruñeko haur eskoletara.

Modu progresiboan egingo dute aldaketa: datorren ikasturterako, Donibaneko eta Printzearen Harresi haur eskoletako gaztelaniazko tokiak eta Goiz Ederko gaztelania eta ingelesekoak ezarriko dira zentroan sartzen diren haurren taldeetan. Aurreko urteetatik dauden taldeetan euskarako eredua mantenduko da, haur horiek zentrotik atera arte.

Hala, 2022-2023 ikasturterako burutuko dute prozesua, eta orduan bai, soilik Txantreako Izartegin eskainiko dute euskarazko eredua, eta Goiz Ederren, egun dituzten plazen erdia eskainiko dituzte.

Erabaki hau hartzeko, alkatea epai juridiko batzuetan oinarritu da. Izan ere, 2016an haur eskoletako eskaintzan aldaketa egin zutenean, zenbait gurasok errekurritu egin zuten, eta epaiek arrazoia eman diete. Hala ere, erabakia hartzeko ez dute aztertu zein den benetako eskaria. Maiak jakinarazi du eskariaren ikerketa batean lanean ari direla, eta hurrengo ikasturterako aintzat hartuko dutela.

Edonola ere, azpimarratzekoa da 2017an Iruñeko Udalaren eskariz haur eskoletako eskaria neurtzeko ikerketa soziologiko bat egin zutela, eta horrek erakutsi zuela euskarazko eskaintza murritzagoa zela eredu hori aukeratuko luketen guraso kopurua baino, eta, aldi berean, gaztelera ingelerarekin eredukoa handiagoa zela eredu hori nahiago zuen guraso kopurua baino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!