San Jose Zentroko zuzendaritza aldatu zenetik egoiliarren arretaren kalitatea murriztu egin dela salatu dute zentroko langileek eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Langileen Batzordeak, "kudeaketa txarragatik eta jarduera eta erabaki arbitrarioengatik". Desgaitasun intelektuala duten pertsona helduei arreta integrala ematera bideratua dago San Jose Zentroa, eta Nafarroako Gobernuak kudeatzen du.
Langileen lan-baldintzak "prekarizatu" direla salatu du elkarretaratzean bildu diren langileek. Adibide zenbait eman dituzte: "Lanaldi-aldaketak, plazen amortizazioa, funtzioak zehazteko anbiguotasuna, lanpostuari ez dagozkion lanak agintzea eta lan-kargak handitzea". Ordezkapenetarako kontratazio-zerrendak agortuta daudela ohartarazi dute; eta, ondorioz, langileen eskubideak urratzen ari direla langileak ez ordezkatuz edota baimenik ez emanez.
Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, lanaren antolaketaren ondorioz arrisku psikosozialak izateko esposizio handia dute zentroan eta estresa eta gatazkak eragiten dituzten komunikazio-mekanismo desegokiak daude. "Etengabe arrisku larrian dauden langileen lan osasuna eta zerbitzuaren prestazioa kaltetzen ari dira". Langileek salatu dutenez, zentroak ez ditu martxan jarri Prebentzio Zerbitzuak planteatutako zuzenketak.
PAGNAko Langileen Batzordeak uste du deskribatutako guztiaren azken erantzukizuna gerentziarena dela: "PAGNAko gerentziak egungo zuzendaria babestu eta karguan mantentzen du, kexa ugari jaso arren. Zuzendariak, bere aldetik, ez du batere aldatu bere jarrera, adostu gabeko erabakiak hartzen jarraitzen baitu, despota baten moduan". Langileen Batzordearen eskaerei erantzun diezaiela galdegin diote, plantillaren lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzeko.