Labriteko pasabideko karga proba bihar eginen dute

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 20a, 15:54

Pasabidearen gainean "pisu ertaineko hiru pertsona mugituz" aztertuko dute egituraren bibrazioa.

Gaur, Labriteko pasabidearen gaineko lanei ekin zaie berriro, Iruñeko Udalak Nafarroako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoari agindutako karga-proba egiteko, azpiegitura hori zer egoeratan dagoen zehazteko. Hasiera batean abenduaren erdialderako aurreikusita zegoen proba, baina atzeratu egin behar izan zen egituraren zati guztiak begiz ikuskatzeko lanak egin aurretik. Azkenean, bihar goizean zehar aurrera eraman ahal izatea espero dute teknikariek. Ondoren, zundaketa batzuk egingo dira pasabidea dagoen lurraren ezaugarri geoteknikoak baieztatzeko.

Abenduan, hainbat prestaketa-lan egin ziren elementu guztiak sakon ikuskatzeko, besteak beste, zimenduak eta euskarriak egiteko baldintzak, egituraren barrualdea garbitzea eta sartzeko aldamioak jartzea.

Ingeniarien Elkargoak planteatutako lanek, lehen urrats batean, pasabidearen hiru berme-puntuetan egurrezko zoladura kentzea jasotzen zuten, 'Y' zonaldean ez ezik. Hiru ainguraketak ere deskubritu behar ziren, probak egin eta egitura-datuak hartzen dituzten teknikariei erraztasunak emateko. Informazio-bilketa hori hiru saiakuntzetatik lortuko da. Batetik, karga proba dinamikoa, egituraren benetako bibrazio maiztasuna aztertzea bilatuko duena, egituraren gainean pisu ertaineko hiru pertsona mugituz. Bestalde, xaflen eta egiturazko elementuen benetako tentsioa aztertuko da 'Hole-drilling' teknikaren bidez. Azken azterketan, korapilo nagusiko barruko kaxoiak eta bao nagusiko batzuk bideoskopioz ikuskatu dira.

Txosten independentea

Lan eta azterlan horien emaitza txosten tekniko bat izango da. Bertan, Ingeniari Elkargoak zehaztuko ditu egiturak lurrarekin duen elkarreragina, haren modelizazioa eta portaera, patologiak eta horien jatorria identifikatuz, eta kargatzeko benetako gaitasuna, pasabideak jasan ditzakeen kargak, egitura indartzeko aukerak aztertuz. Ingeniarien Elkargoak azaroan jaso zuen Udalaren enkargua, 50.000 euroko aurrekontuarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!