Osoko bilkura, txupinazoaren jaurtitzailea herritarrek hautatzearen alde

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 17a, 08:04
2018ko Txupinazoa

Iruñeko Udaleko osoko bilkurak EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik aurkezturiko adierazpen bat onartu du, sanferminetako txupinazoa botako duen pertsona edo erakundea aukeratzeko sistemari eusteko. Navarra Suma abstenitu egin da.

Alkate izendatu eta gutxira, Enrique Maiak aurreratu egin zuen San Fermin jaiei hasiera ematen dien suziria nork botako duen erabakitzeko prozesu parte-hartzailea aldatzeko asmoa. "Prozedura hau ez zait batere gustatzen", esan zuen.

Navarra Sumako alkateak gaia berriz aipatu du irrati-elkarrizketa batean, nahiz eta beste alderdiekin adostasuna lortu gabe ez duela jokatuko adierazi duen. Navarra Sumak Iruñeko 27 zinegotzietatik 10 dauzka.

Oposizioko taldeen proposamena defendatu du Asiron alkate ohiak, eta Maiari aurpegiratu dio "prentsaren bidez jakin behar izatea bere asmoen berri", eta, horregatik, "pixka bat ikasteko, eta udal taldeekin gehiago hitz egiteko" eskatu dio. Hobetzeko formulak baldin badaude "proposamenak izan daitezela" eskatu du, "baina bozketa prozeduraren aurka kargatu gabe".

Geroa Bairen aldetik, Patxi Leozek egungo sistemari eusteko apustua egin du, hura aldatu ahal izateko eztabaida eta adostasuna egon ezean. "Herritarren parte hartzeari eutsi behar zaio", azpimarratu du.

PSNtik Maite Esporrinek azaldu du du "hil ala biziko" eztabaida dela, baina sentimenduekin, emozioekin eta jaiaren hasierarekin lotuta dagoela. Navarra Sumari "iraganean apoltronatuta" geratzea egotzi dio, eta nabarmendu du herritarren parte hartzeak "egon behar duela eta hala izan behar duela".

Ana Elizaldek (Navarra Suma) Asironi leporatu dio bere garaian "udalaren osoko bilkuraren borondatearen hiru laurdenen kontra" boto sistema bat ezartzea, eta kritikatu du alkate abertzale ohia "parte hartzailetik eta demokratatik" datorrela, "ikurrina inposatzen duenean, lege iruzurrean, boterean dagoenean ". Haren ustez, herri bozketa sistemak "neurrira egindako askatasun handiegia" eskaintzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!