Auzo-eztabaidaguneen egoitura aldatu du Enrique Maiaren udal taldeak. Saioak online jarraitzeko aukera izanen da, aurrez galderak edo iradokizunak egin ahalko dira eta guztietan, auzo bakoitzeko zinegotziarekin batera, Enrique Maya Iruñeko alkatea izanen dela da.
Udalak azaldu duenez, auzo bakoitzean interes handiena pizten duten gaietan aditu diren teknikariek ere hartuko dute parte, topaketan sortzen diren galderei erantzuna emateko. Helburua da auzoetako beharrak eta auzotarren zein elkarteen nahiak eta proposamenak entzutea eta eremu bakoitzerako lantzen ari diren udal-proiektuen berri ematea.
Lehen hitzorduan Santa María la Real eta Lezkairu izanen dira hizpide. Arrosadiako Civivoxean eginen da, urtarrilaren 21ean, asteartearekin, 18:30ean. Alkatearekin batera, María Caballero auzo-zinegotzia izanen da bertan. Aurreikusita dago topaketak ordu bat eta erdi irautea. Ondorengo auzo-eztabaidaguneak Txantrean eta Buztintxurin eginen dira, urtarrilean eta otsailean. Txantrean otsailaren 4an izanen da, eta Buztintxurin, otsailaren 18an. Udalak aurreikusi duenez, aurten hiriko auzo guztietan eginen dira topaketak.
Auzo-eztabaidaguneen berritasunetako bat da online parte-hartzen ahalko dela; izan ere, horretarako berariazko helbide elektroniko bat gaitu da, kontsultak zein iradokizunak bidaltzeko. forosdebarrio.participacion@pamplona.es da. Hor jasoko diren mezuak zein kutxetan jasoko direnak aurrez aurreko saioan komentatuko dira. Kutxak topaketaren egunean jarriko dira.
Auzo-eztabaidaguneak zuzenean ikusten ahalko dira Youtubeko pamplonaesparticipación kanalean. Saioen bideoak osorik argitaratuko dira, edozein unetan ikusteko. Kronika eta aurkezten diren materialak kontsultatu ahalko dira udalaren webgunean (www.pamplona.es), auzo-eztabaidaguneei dagokien atalean.